MUSIKA

Minetik loratutako abentura humanoa

Gatibuko bateria jotzaile Gaizka Salazarrek Erabatera izeneko egitasmoa abiatu du, eta horrekin batera, gaur bertan, Antipodetan izenburuko diskoa aurkeztu du. Aitaren galerak eragindako suminetik sortutako kantuekin osatu du lana. “Duela bost urte hil zen aita, eta min handi horretatik sortu da egitasmoa”, azpimarratu du Salazarrek. Hala, esparru intimoan sortutako kantu “txiki” horiek “pixkanaka” handitu egin dira, banda eta diskoan gauzatu arte.

Salazarrek kantuok grabatuta imajinatu zituenez, eta inguruko lagunen oniritzia eta bultzada jaso ondoren, hainbat musikarirengana jo zuen, haien erantzuna zein izango zen “beldur”. Bada, telefonoa hartu eta ondoko musikariak erakarri zituen bere egitasmora: Willis Drummondeko Jurgi Ekiza, ahotsa; Ken Zazpiko Beñat Serna, gitarra eta Gatibuko Mikel Caballero, baxua. “Zorte handia izan dut, erantzun ona jaso bainuen, oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina buruan nituen espektatibak gainditu ditut. Ez da ohiko prozesua izan, kantuak etxean jaio eta estudioan egin baitira, eta hori nabaritzen da diskoan”.

Musikari dagokionez, diskoa “patxadaz” entzun behar dela esan du. “Kolore ezberdinak dituen lana da, ez du ukitu komertzialik; beraz, ez dakit zein izango den harrera. Dena dela, nahiko nuke proiektu honek ibilbide luzea egitea”. Grabazioan, besteak beste, hari eta haize konponketak jasotzen dira, eta zentzu horretan, Iñigo Etxebarria Pitu teknikariaren lana azpimarratu du Salazarrek. Kolaboratzaileak ere izan ditu estudioan, tartean, Grises taldeko Eñaut Gaztañaga teklatua jotzen eta Akatz reggae talde haize atala.

Aurkezpen ekitaldian izan den Jurgik adierazi duenez, “diskoa abentura humano bat izan da”. Giza faktore horren harira, Salazarrek azpimarratu du lehenengo saioa abuztuan egin zutela, eta emaitza harrigarria izan zela: “soinu ona atera zen”. Jurgik, halere, Gatibuko bateria-jotzailearen lana nabarmendu nahi izan du; “Kantuen aspektu guztiak berak sortu ditu, baita ahots melodiak ere”. Salazarrak, baina, bateria jo du estudioan, eta horrelako egingo du zuzenekoetan.

Taldearen izenean batera kontzeptuarekin jolastu nahi izan du Gatibuko bateria-jotzaileak, neskalagunarekin batera eman baitzituen proiektuaren lehenengo urratsak, eta batera, gaztelaniaz, bateriaren laburdura ere baita. Izenburuaren harira, aitaren galera ekarri du mahaira: “Sortutako minaren ondorioz, nora ezean ibili nintzen bi urte, ez nintzen ni, ni antipodetan nengoen”.

Taldekideak zuzenean jotzeko irrikan dago, hauexek dira orain arte zehaztu dituzten kontzertuak: azaroaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian; 9an, Donostiako Doka aretoan; 29an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta 30ean, Baiona, Le Magneto gunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button