BESTELAKOAK

“Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean”, Bilbon

Baiona, Gasteiz eta Donostiatik iragan ostean, Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean izeneko erakusketa Bilbon kokatuko da, maiatzaren 4ra bitartean, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren, eta Kultura eta Hezkuntza Sailaren eskutik. Gaur goizean, berau aurkeztu dute AlhóndigaBilbaon.
Gaurtik ikusgarri dagoen erakusketa, San Telmo Museoak gauzatutakoa da, eta Etxepare Institutuaren lankidetza du.

“Ibiltari ez izateko jaio zen erakusketa, ibiltari bilakatu da eta hala, toki bakoitzean erakusketa ezberdina ikus daiteke, izan ere, gaurko errealitateak islatzen duen kaleidoskopioa da erakusketa”, esan du Aizpea Goenagak prentsaurrekoan.

Errealitate hori abiapuntutzat hartuta, euskararen eta hizkuntzaren gaineko interesa duen edonorentzat dago zabalik erakusketa hau, ez baita euskaldunari soilik begirako erakusketa bat, baizik eta euskararen mundua erakargarri egiten zaion edonori.

Erakusketa hamar ataletan egituratzen da, Bilboko Alondegiako Jarduera Osagarrien Zentroko 1. eta 2. solairuetan. Bertan, hizkuntzen intonazio eta azentuak entzun, braille edo zeinu-hizkuntzaren kodeak ikasi, eta hizkuntzek munduan duten banaketa ikasi ahal izango da. Etxepareren lehen testu hura ere ikus daiteke pantaila batean, Mikel Laboaren interpretazio batean bideo bat, hainbat datu eta estatistika, hitzen jatorri xelebreak… eta abar.

Badu, Bada erakusketak AlhóndigaBilbaon izango duen espazioan, hainbat esparruri lotutako jarduerak gauzatuko dira: zientzia eta teknologia, arte biziak, sorkuntza literarioa, gazteak, hiri-espazioa, hizkuntza bateko dialektoen arteko eta hizkuntza horren eta beste batzuen arteko elkarbizitza… Hainbat adituk hartuko dute parte programazioan: Karmele Jaio Maria Eugenia Salaverrirekin arituko da solasean; Maite Gurrutxagak Habia komikia aurkeztuko du, Mikel Soto Txalapartako editorearekin batera; Itxaro Borda Goizalde Landabasorekin arituko da solasean, idazle gisa bizi izan dituen esperientziei buruz, eta Gu(haur) arrotz(ak) / À n(o)us mêmes étrange(r)s aurkeztuko du; eta Xabier Amurizak Bizkaiko kopla zaharrak gaia jorratuko du.

Bestelako ekimen guztien gaineko informazioa, Alondegiaren webgunean topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button