MUSIKA

Korrontzik, Oinkarik eta Yebrak musika eta dantza batuko dituzte Getxon

Gaur abiatuko dute Getxoko 27. Folk Jaialdia Urratsa Mungiako Korrontzi taldearen egitasmo berria dela medio. Proiektu horretan musika eta dantza batzen dira eta Igor Yebra dantzariak eta Oinkari dantza taldeak parte hartuko dute. Emanaldia 21:00etan hasiko da, Areetako Geltokia plazan.

Bertan, ondoan dagoen aparkalekuan, beste bi saio izango dira gaur. Lehenengoa, 19:30ean, Tambor de Saia brasildar perkusioen taldearen eskutik; bigarrenean, 23:00etan, Audience Gernikako rock taldea ariko da.

Mungian sortu zuten Korrontzi Agustin Barandiaranek eta Mikel Romerok. Egun boskotea osatzen dute, Ander Garcia, Iker Lope de Bergara eta Pedro Martinezekin batera. Euskal soinuan eta hainbat kulturetako musiketan oinarritzen da taldearen jarioa. Hala, doinuetan, soinu etnikoak, flamenkoa, jazza edo reggaea antzematen dira.

Folk jaialdia igandera bitartean luzatuko da. Bihar Eskoziako The Unusual Suspects taldeak joko du; etzi, berriz, Aljeriako Idir taldeak, eta etzidamu Portugaleko Dulce Pontes abeslaria.

Ohi denez, kontzertuak ez ezik, jaialdian bestelako jarduera batzuk izango dira; tartean, Iparraren eta Hegoaren arteko bidezko merkataritza sustatzen duen ekimena, beste kultura eta herrialde batzuetako gastronomia dastatzeko aukera, eta Eskoziako, Kataluniako, Frantziako, Asturiaseko, Gineako eta bertoko banden kalejirak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button