LITERATURA

Larrabetzuko “Literaturaz Berbetan” ekimenean, Goizalde Landabaso

Gaur, Larrabetzuko Anguleri Kultur Etxean, 19:00etan, Ane Zabalak eta Galder Perezek Babeserako kopia liburuko poemen irakurraldia eskainiko dute. Ondoren, Goizalde Landabaso egilearekin solasa programatu da.

Goizalde Landabaso idazle deustuarrak urrian aurkeztu zuen Babeserako kopia (Elkar), eta harrezkero hainbat errezitaldi egin ditu han-hemenka.

Berak azaldu zuenez: “obra esku askotatik pasatu da”, baina ukituak, orrazkerak eta destilazioak Harkaitz Canok eta Iratxe Fresnedak egin dizkiote lanari, eta “hasierako poemak eta orain liburuan daudenak goitik behera aldatu dira”, eta agian horrexegatik, hotzak iruditzen zaizkio poetari: “hoztasunetik asko du poesia idazteak, eta batzuetan arrotz sentitu ditut”.

Babeserako kopiak hiru atal ditu: Izan, Odola, eta Denbora. Liburuak ere Harkaitz Canoren hitzaurre ederrarekin apaindurik dator.
Lehen atalean, Izan-en, identitateari buruzko poemak antolatu ditu Landabasok, “nire buruari buruzkoak”…, “ni naiz lehortzen den ibaia…ni naiz ukitzen ez duen eskua”.

Bigarren atalean, sentimendu potenteek inarrosten gaituzten uneko sorkuntzak daude, bakardadeaz, tristuraz, poema erotikoak, eta abar. Eta azkenik, hirugarren atala denborak hartzen du osoki, eta bertan zahartzeaz aritzen da idazlea, memoriaz. “Memoria gara, eta beldurgarria da memoria galtzea, oroimenak desintegratzea, horrexegatik naizen hori eusteko ahalegina dago hemen, hor egongo da izan nintzen zati bat”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button