BESTELAKOAK

Han taldearen “2634 ikuskizuna” Elorrioko Arriola Antzokian

Han musika taldeak, bere lehen diskoa aurkezteko, ikuskizun berezi bat prestatu du, non musikaz gain, bideoa eta antzerkia nahasten dituen. 2634 izeneko ikuskizunaren aurkezpen ekitaldia eta kontzertua azaroaren 28an izango da, gaueko 22:00etan, Elorrioko Arriola Antzokian.
Musika gaur egungo teknologiekin uztartuz eta etorkizunaren balizko hausnarketa bat eginez, saio berezi honetan, oraina eta etorkizuna nahasturik ikusiko ditugu. Eguneroko egoera desberdinetatik eramango gaituen bide motz batekin abiatu eta helmuga kontzertu bat izanik.

Gorka Molero (gitarra), Karlos Gomez (baxua), Miguel Leon (Bateria) eta Nerea Lersundi (ahotsa)  musikariek osatzen dute Han taldea. Eurekin batera Itziar Bastarrika eta Peio Salaberria (bideoaren arduradunak), Jon Zubia (argiztapena) eta Miguel Alonso (soinua) aritu dira. Urko Rekondo eta Iñigo Aranbarri aktore lanak egin dituzte.

Duela gutxi Elorrioko HAN bandak lehendabiziko disko homonimoa plazaratu du, LP eta CD formatuetan, Tolosako Bonberenea Ekintzak plataformaren bitartez. Diskoak AEBetako indie-rock-aren ondaretik edaten duten bederatzi doinu biltzen ditu.

Bonberenea Ekintzak iragarri duenez, taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, eta eskarmentu hori nabarmena da abestietan. Hala, taldekideen artean Ama Say eta Yakuzin aritutako Gorka dago, bai eta Lisaboren teknikari izandako Karlos. Bonberenearen arabera, “Ziur gaude zeresana emango duen taldea dela, haize freskoa dakarrelako eta maisuki landutako diskoa delako”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button