MUSIKA

Geoff Farina estatubatuarra, Lasarte eta Bilbon

90eko hamarkadako Karate eta The Secret Stars taldeetan aritutako musikari estatubatuarra da Geoff Farina. Asteburu honetan, Lasarteko Zuloa lokalean eta Bilboko Hika Ateneoan izango da bakarka jotzen, urtarrilaren 1ean eta 2an, hurrenez hurren.

Hogei urtetik gora daramatza Farinak kontzertuak egiten, eta Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan da, 90eko hamarkadan, Karate taldearekin. Egun The Glorytellers taldearekin aritzen da, eta Musika-historiako irakasle dihardu Chicago hiriko De Paul Unibertsitatean. Bere irakasle lanbideari esker, bestelako musiketan sartu da bete-betean, eta, egun, bere proposamen musikalean folk, blues eta country estilo tradizionalak uztartzen ditu. Euskal Herrian bakarka arituko da; izan ere, bakarkako diskoa plazaratu berri du.

Bilbon, Occhi Di Farfalla taldearekin joko du: Miren Arangurenek (Iruñea, 1981) eta Hodei Estebanek (Zarautz, 1983) eratu dute Occhi Di Farfalla bikotea. Taldeak rock feminista eta akustikoa jorratzen du, eta sei kantuko diskoa argitaratu du.
Taldeak berak adierazi duenez, “Occhi Di Farfalla proiektu akustikoa da. Letra feministak rock doinuz jantzi eta bideaz gozatzeko eginiko ekintza”. Diskoa ere grabatu du bikoteak 2013an, Mikel Kazalisen gidaritzapean, Fidelenea estudioetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button