MUSIKA

Larry Bird-ek “Hirugarren fasean” diskoa aurkeztuko du zuzenean Bilbon

Larry Bird indie talde bizkaitarrak zortzi kantu bildu ditu Hirugarren fasean izenburuko diskoan. Grabazioan indie rock kutsuko giroak, pop melodiak eta erritmo aldaketak uztartzen dira. Taldea berria badirudi ere, taldekideak hainbat proiektutan aritutako musikariak dira. Laukoteak, aurretik, hiru kantuko EP digitala grabatu zuen, 2015ean. Bada, taldeak Bilboko Deustu auzoan dagoen Satelite T aretoan aurkeztuko du lan berri hori, larunbatean, 20:00etan, TOC tade bizkaitarrarekin batera.

Claudio F Pavan (bateria eta perkusioak), Alvaro Barriuso (gitarrak), Xabi Doncel (baxua) eta Asier Goikoetxea (ahotsak, gitarrak eta midi teklatua) dira Larry Bird osatu duten musikariak, besteak beste, Nun, Scum to The Leader, Señores edota The Great Barrier taldeetako musikariak dira.

Taldeak berak adierazi duenez, “mimo handiz konposatu, grabatu eta editatu ditugu Hirugarren fasean diskoko zortzi kantuak. Hasiberriak dirudigu, honetan ia 20 urte daramatzagun arren”. 2018ko hasieran grabatu zituen laukoteak zortzi kantuok, Iñigo Escauriazaren teknikariaren gidaritzapean, Urdulizko Tio Pete estudioan. Diskoan, halaber, 2015an grabatutako hiru kantuak ere bildu dituzte musikari bizkaitarrek.

Taldeak berak zabaldu duen informazioan jasotze denez, entzuleak hauxe aurkituko du estreinako lan honetan: “Gitarra zorrozdun indie-rocka, oinarri erritmiko sendoa eta melodiak nahi adina. Betiko influentziekin (Death Cab For Cutie, Bon Iver, Radiohead, The National…), baina groove apur bat gehiagorekin”.

Betalde, eta Satelite T aretoaren arabera, “TOC bost gaztez osaturiko rock talde bat da. Baxua eta bi gitarrak elkar trukatuz, bateria erritmo sinpleetan eta batzuetan gozoak diren eta beste batzuetan amorruz beteriko ahots melodietan oinarrituta dago haien musika. Soinu gordina, landutako armoniekin eta nabarmentzen diren melodia gogoraerrazekin nahastu egiten da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button