LITERATURA

Pamielak bi poema liburu kaleratu ditu egunotan

Egunotan, Pamielak bi poema liburu berri kaleratu ditu: Edu Zelaietaren Presbiziak lagundu omen digu, eta Luis Garderen Urrats galduen hotsa.

Lehen poema-bilduma ezagutza kokatuaren aitortzatik abiatzen da, gorputz higatuaren aitortzatik: presbiziatik eta presbiziaz dihardute lehen ale poetikoek. Ikusmenaren endekatzeak munduan egoteko eta munduari begiratzeko moduetan dakartzan aldaketak ditu poesia-gai, gorputzaren gramatika berri bihurturikoak: antiojo-dantzetan gorpuzturiko keinuak, fokatze-ariketa etengabeetan zimurturikoak.
Mundua izendatzeko posizio berriak, lelo poetiko berriak ditu akuilu poetak, jolasaren eta ironiaren bidetik: haur poesiaren oihartzunez josi du amaren ibilera baldartuez diharduen poema, edo kabaretaren oihartzunez josi du gorputz endekatuen desirez diharduena.

Beste aldetik, Luis Garde poesiaren mundura itzuli da, izan ere, zazpi urte igaro dira bere azken poesia liburua argitaratu zuenetik, eta Urrats galduen hotsa dakar udaberri honetan. Hurbiltasun eta pauso ziurrez idatzi ditu poemok Gardek, ohikoa duen fineziaz. Eskura ekarritako poemak dira, gertu behar diren horietakoak, egunaren erritmoa dakartenak idatzian. Etxea, landa, auzoa, alabaren hitz atergabeak, zaldi lausoak.
Zer gehiago eskatu lekioke apurka udaberria dakarren liburu honi?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button