BERTSOTAN

Kuadrilla artekoaren jaia Agurainen

Apirilaren 5ean, Agurainen bukatu zen 2014 Arabako Bertso-kuadrilla artekoa.

Egun gozagarri horretako kronika hau bidali digute hango lagunek: “Agurainen, Arabako bertsogintzaren jaia izan zen; 2014ko Arabako Bertso-kuadrillaren jaia. Eta horrelakoa da Arabako bertsogintza: bertsoak, triki, farre, jana eta edana, herria bertsotan dioen pankarta, alboka eta gaita, oihua eta musu, bertsoak bat-batean eta idatzian txosna ondoan, alkohola eta punka.
Goizetik Lautadako bertso-eskolakoek prestatu zuten plaza eta herria. Eszenatokia, txosna, pankartak, mahaiak eta aulkiak .

Hamaikak aldera hurbiltzen hasi ziren Kuadrilla arteko honetan parte hartu duten talde ezberdinen lagunak. Lau poteo ezberdin antolatu ondoren taberna ezberdinetatik abiatu ziren. Triki, alboka eta gaiten laguntzaz bertsotan aritu ziren tabernaz taberna. Poteo guztiek plazan bukatu zuten, eta bertan, papera eskuetan kantatu ziren Ekaitz Samaniegok idatzitako bertso-sorta.

Hurbildutako guztiek bazkari herrikoia gozatzeko aukera izan zuten. Eta bazkariaren ondoren betiko kantak eta dantzak ez ziren falta. Puntuka aritu ziren nahi zuten guztiek.

Gibelurdinek taldearen kontzertua gozatzeko, dantzatzeko eta entzuteko modukoa izan zen: “Herrian sortuak/hizkuntza oinarria/atlantiar musika/da gure zutarria”. Ilunabarrean bertso-punk kontzertua distortsioa ipini zion egunari eta ZUTIK! oihukatzen eta errimatzen bukatu zen eguna”.

Hamar aste hauetan zehar bat-bateko 15 taldek 18 saio antolatu dituzte. Bertan ere idatzizko 18 taldek kantatu dute bertso-sortak. Lehiarik gabe, autogestionatua, taldeka eta herrikoia izan da aurtengo Arabako Bertso-kuadrilla artekoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button