BESTELAKOAK

Armak eta kultura fabrikak

2012 Euskadi fundazioak Gernika-Astra tailerrak: armak egitetik, kultura sortzera liburua aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko zuzendari eta 2012 Fundazioaren idazkari Mikel Toral; liburuaren autoreak, Jose Ángel Etxaniz eta Gorka Perez de la Peña; eta Astra arma fabrika zaharraren fundatzailetako bat izan zen Juan Esperanzaren biloba den Juan Zubillaga Esperanza bildu dira, fabrika mitikoaren garapen diakronikoaren gaineko begiradak bildu dituen liburua aurkezteko.

2012 Euskadik Gernikazarra Historia Taldearen laguntzarekin argitaratu du aipatutako liburua. Azken kolektibo hau aspaldian hasi zen bonbardaturiko hiriaren memoria grafikoa biltzen, “argazki eta dokumentu asko gerra zibilean galdu baitziren. Fabrika horretan garrantzi handiko dokumentuak zeuden eta geu biltzeari ekin genion”, esan du Jose Angel Etxanizek.

Lan honetan, arma-fabrika izandako Astra lantegiak kultura sortzeko gune bihurtzeraino izan duen eraldaketa osoa sailkatu eta ikertu da, esparru zehatzak hartuta, hala nola, Ricardo de Bastida arkitekto entzutetsuaren arkitektura abangoardiazkoa (Espainiako arkitekturan dagoen aurre-arrazionalismo adibiderik bikainenetakoa da eraikina); enpresaren sortzaileak izan ziren Gandarias familia, Rufino Unceta, Juan Esperanza eta Guillermo Pradera pertsonaiak; gerrarako material eskerga egin zela lantegian; garai hartako anbibalentzia tragikoan sorturiko miseriak eta negozioak, eta abar.

“Aldaketa historiko baten metafora da fabrika hauekin gertatu zena, armak egitetik kultura sortzeraino bilakaturik. Arrisku-saria horren garrantzitsua dugun garai honetan, kultura kutsua duen edozeri murrizketak eta BEZ gorakadak aplikatu nahi dizkioten honetan, lasaigarria da kultur ekipamenduak inauguratzen direla ikustea. Are gehiago ekipamendu hori hartzen duen eraikina besteak beste arma-fabrika izan bazen iraganean” erantsi du Juan Zubillagak.

Bonbardaturiko hirian  zutik iraun zuen Gernikako historia zati bat berreskuratu da lan osatu honen bidez, Gernika- Astra tailerrak: armak egitetik, kultura sortzera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button