BESTELAKOAK

Bizikidetzarako Arkitektura Topaketak egingo dituzte Bilbon eta Gernikan

Urriaren 19an hasiko dira Bizikidetzarako Arkitektura Topaketak (BAT) Bilbon. Egun horretan Hiria Kolektiboak eta Saioa Olmo artistak Hirigintza eta Generoa izango dute aztergai. Jardunaldia Bilboko Yohn Jauregian egingo da.

“Programa teoriko-praktiko bat da BAT. Arkitektoen, hirigileen eta hiri-aktibatzaileen lanari eremu bizigarriagoak (berr)eraikitzen lagunduko duten tresnak eta proiektuak bilatzearen aldetik begiratzen dio”. Programaren xedea praktika horietako batzuk herritarrei gerturatzea da, “batez ere eraikuntzan eta hirien garapenean interesa duten horiei”, hala nola, hiri-aktibatzaileak, soziologoak, antropologoak, artistak edo kazetariak.

Topaketek azaroaren 3tik 9a bitarte jarraituko dute.  Hain zuzen ere, 3tik 7ra bitarte TM+A Eraikuntza Elkarlanean izeneko tailerra izango da Gernikako Astra eraikuntzan. Tailerra Todo por la Praxis taldeak zuzenduko du. Halaber, azaroaren 5etik 8ra Eremu Adimenduak Azalaratzen Ari Diren Herritarrentzat izeneko tailerra egingo dute Doménico di Siena, Marina Blazquez eta Jesus Rodriguezek Bilbaoarten.

Tailerrez gain, hitzaldiak ere izango dira azaroaren 9an Bilboko Bizkaia Aretoan. Hala, goizetik iluntzera bitarte hainbat hizlarik hartuko dute hitza, tartean, Hiri Eskubideen Deklarazio Unibertsala jorratuko duen Zuloark taldeak, Cohousing: Etxe Bat Denontzat gaia hizpide izango duen Borja Izaolak, eta Todo por la Praxis taleko Diego Perisek, zeinak Cañada Plana. Birgaitzeko Bizilagunen Proposamena aztertuko duen.

Egitarau interesgarri honen xehetasun guztiak bat.zaramari.com webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button