LITERATURA

“Piztutako etxea”, Felipe Juaristiren azken lana

Gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Felipe Juaristik Piztutako etxea (Erein)bere azken lanaren nondik norakoak eman ditu prentsaurrekoan. Lan berri honetan gogoeta egiten du esperantzaz, izuaz, desiraz, maitasunez eta pasioaz.

Egileak berak hala adierazi du: “Piztutako etxea nire lanik sakonena da. Gogoeta egiten dut, esperantzaz, izuaz, desiraz, maitasunaz eta pasioaz, besteak beste. Abiapuntua da bizitzak bere arauak dauzkala eta, seguru asko, ez ditugula sekula santan guztiak ezagutuko, bizi garen bitartean bizitzaz ez beste ezertaz arduratzen garelako. Baina beste ezer hori bizitzaren muina ere izan daiteke, jakin gabe, noski. Gizakia zerk bultzatzen duen bizitzera da jakin beharrekoa. Baina beti ez dago gizakiaren esku halako jakituria. Ez zaio argirik iristen bere barreneko sotoan gordeta dagoena ikusteko. Beraz, bizi da gizakia, besterik gabe. Eta ez da gutxi. Izan ere, gizakia handia da, izakietan handiena. Baina inork gutxik daki hori”.

Espero dena espero izatea esperantzaren esperantza da.
Egoneko egoera argia da, egonera bultzatzen du urduri.
Ez da izatearen izaera huts soila, ez da inola ere izateko jaioa;
irekiera sakona da denboran, pitzadura gogorra espazioan.
Infinituari ate itxia irekitzen dio, gau beltzari eguna ekartzen;
izen eta aurpegia ematen, bizitzeko argirik ez duenari.
Esperantza beti ertzekoa da: zeru eta lur lurrina bezala.
Espero ez dena itxarotea, esperantza alaia bainoago da,
halabeharraren trikimailua, bozkarioaren jokaldi agerikoa.
Esperantzak ilusio guztiak eraikitzen dituen indar berarekin,
halabeharrak desegiten ditu bizi lege eta muga mutuak.
Halabeharra hauslea da guztiz,mundu izutia kolokan jartzen du,
desoreka berria eraikitzen zaharra zegoen toki berean.
Jolasean hartuko du zentzurik, egonezinaren sendagai.
Espero dena espero ez izatea etsipen gorrean erortzea da.
Ezustekoa espero ez bada, ez da sekula santan gertatuko.
Hala ere inoiz edo espero bada, ez da ezusteko beharrik izango.
Uste eta esperoan bizitzea biak kontrara jarriak dauzkagu.
Uste duguna gertatuko dela, espero da atzo, orain eta gero,
espero izan dena etorriko dela bihotz zabalez uste den bezala.
Ezusteko maltzur indarrekoak, esperantza oro deuseztatzen du,
haren izaera hartaz jabetzen, inor ere konturatu gabe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button