MUSIKA

“Ihesaldi Handia” diskoa zabaltzen

 

Tolosako Bonberenea Ekintzak diskoetxeak bi disko argitaratu zituen uda baino lehen: Ladislao punk-rock bandaren Pantailak eta Libe musikariaren Ihesaldi Handia.

Libe García de Cortázar (Libe) ibilbide luzeko musikaria da, izan ere, egun, Izaki Gardenak taldean teklatua jotzen du. Talde eta proiektu ezberdinetan parte hartu eta gero (aurretik, Neubat, Ekon eta Sorkun taldeetan ere aritu zen) Libe Garcia de Cortazar-ek denbora aurkitu du bere musika osaketak lantzeko.

Talde berri baten lehen lana bada ere, Ihesaldi Handia disko landu eta heldu baten aurrean gaude. Rock malenkoniatsu eta iluna, oinarri erritmiko sendoez lagundutako teklatu eta ahotsak direlarik nagusi. Doinu sendo eta indartsu bezain hauskorrak, denborarekin zeure egiten dituzun horietakoak; barru-barrutik sortutakoak eta barrenak astintzen dituztenak.

Ihesaldi Handia diskoan, bere doinu propioak jaso ditu Libek, eta kantuok lantzeko Joseba Ponce (Dut, Lisabö, Kuraia) musikariaren laguntza izan du. Diskoa, halaber, Karlos Osinagarekin grabatu du, eta grabazio saioetan, Atxus baxu-jotzailea (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarra-jotzailea eta Eneko de Arza (Naüt, Trumbo) bateria-jotzailea izan ditu lagun.

Zenbait kontzertu hitzartuta dauzka datozen hilabetetarako, eta aukera ona izango da bere musika hobeto ezagutzeko. Hala, Urretxun izango da urriaren 11n, Eh! zurre fest jaialdian. Azaroaren 8an, Tolosa Bonberenean Pettirekin batera, eta 28an, Andoaingo gaztetxean Kashbad taldearekin. Abenduan beste bi hitzordu ditu: Durangoko Ahotsenean (8an) eta Larrabetzuko Gaztetxean Pettirekin (28an).

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button