BESTELAKOAK

“Biba”, Bilborako askotariko kultur egitasmoa

Gaur goizean Biba kulturaren aldeko Bilboko herri ekimena aurkeztu dute, estreinatu berri duten izen bereko lokalean, Erronda kalean, hain zuzen. Ekimenaren xedea euskal kultura sortzea eta zabaltzea da, eta hiru ildo nagusi jorratuko ditu: Kultur laborategia, Kultur ikerketa eta Kultur Agenda.

Aurkezpen ekitaldian ondokoek parte hartu dute, Bilboko kultur eragilez betetako Biba lokalean: Oihana Bartra, Lutxo Egia, Ruben Nieto eta Arma Bayer.

Proiektuaren hiru ardatzen harira, Kultur Agenda lokalean bertan abiatuko den kultur egitarauan gauzatuko da. “Eskaintza anitza eta erakargarria izango da”, esan du Bartrak. Hala, besteak beste, Bilboko beste auzoetako kultur sortzaileak eta sortzaile hasiberrien lana erakarri nahi dituzte. Azarorako programa jada prestatua dute.

Kultur ikerketa lan-ildoari buruz, Bilboko kultur diagnostikoa egin nahi dute. Horretarako lantalde txiki bat sortu da, Gite-Ipes Gizarte Ikerterarako Talde Eragilearen laguntzaz. Talde horretako kide Ruben Nietok azaldu duenez, “kultur mapeo zehatzik ez dugu Bilbon”.

Azkenik, Kultur Laborategia alorraren harira, Bilboko sortzaileen sare kohesionatua eratu nahi dute. “Sarea sortu nahi dugu, elkar ezagutzeko eta elkarlanean aritzeko Bilboko sortzaile eta eragileekin”, azaldu du Lutxo Egiak. Horretaz gainera, sortzaileen beharrei lagundu nahi die. “Zerbait sortu nahi dugu Biba-tik Bilborako, Bilbon eragingo duena”.

Proiektuaren kideek azaldu dutenez, orain arte lokalari lotutako Kultur Agenda da gehien garatutako alorra; iluntzean, hain zuzen, 20:00ak aldera, lokalaren irekiera ofiziala egingo dute. Beste bi ildoak geldoago ari dira, baina aurrerapausoak emateko asmoa agertu dute.

Informazio gehiago: bibakultura.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button