BESTELAKOAK

“Ilunabarrean dantzan”, folk dantza proposamena Gasteizen

Ilunabarrean dantzan folk dantzaldia antolatu dute berriz Gasteizeko Oihanederren. Bariku honetan hasita eta apirilera arte lau saio egingo dira, hilean bat. Saio bakoitzean irakasle batek dantzarako proposamen zehatzak ekarriko ditu.

Ekimenaren lehen saioa ostiral honetan, urtarrilak 13, izango da, 20:00etan hasita , eta bertan Imanol Zabaleta gasteiztarra izango da maisua. Otsaileko saioan, Gari Otamendi añorgarraren txanda izango da, eta martxoan, Miarritzeko Agnés Cecconirena. Apirilean Patxi Montero arituko da maisu lanetan.

Dantza saioetan musika jartzeko Nika Bitchiashvilik (biolina), Anton Mimentzak (gitarra), Xabi Gonzalezek (whistle-a) eta Ander Zabaleta trikitilariak osaturiko taldea egongo da. Saio bakoitzean dozena bat dantza landuko dira. Horien artean scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka, eta horiez gain, Euskal Herrian hain errotuta dauden fandangoa eta arin-arina.

Animatu, izan ere, “adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button