IKUS-ENTZUN

Huhezinemak bere sail ofiziala osatu du

Huhezinemak hamar finalistak hautatu ditu eta horren ondorioz, bere sail ofiziala osatu du. Sekula baino euskarazko film gehiago jaso dira Huhezinema Euskal Film Laburren 12. edizioan; Sail Ofizialeko hautaketan ere inoiz baino gehiago dira: hamarretik sei film labur dira euskarazkoak. Sail Ofizialean hautatutako hamar lanetatik bost emakume zuzendariek eginak dira, eta beste bostak, gizon zuzendarienak.

Hauek dira aurtengo Sail Ofizialeko lanak: Gogor atzea (Oier Fuentes); Shell Phone (Miren Mujika); Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian); Un agujero en el muro (Carlos Moure); Minutuak (Mikel Uralde Arrue); Zain (Pello Gutierrez); Ama (Josu Martinez); Asfixia (Leire Egaña); Agnès (Irati Elortondo); eta Ancora lucciole (Maria Elorza).

Aurkeztu diren lanen ezaugarrietako batzuk honakoak dituzue jaialdiaren antolatzaileen arabera: drama da hautatutako film labur gehienak barnebiltzen dituen generoa, hautatutako film laburren artean animaziozko lan bat dago, eta horietatik zazpi finantziazio publikorik gabe eginak dira (Vertigo sarirako hautagaiak). Aurtengo finalisten artean, Ikus entzunezko Komunikazioa Graduko ikasle ohiek zuzendutako hiru film labur daude: Miren Mujikaren Shell Phone, Mikel Uralderen Minutuak eta Irati Elortondoren Agnés.

Apirilaren 5ean, Aretxabaletako Arkupe aretoan egingo den sari banaketa ekitaldian, Sail Ofizialean hautatutako hamar filmen egileek jasoko dituzten 200 euroez gain, beste sari hauetakoren bat irabazteko aukera izango dute: Goiena Saria (1.000 euro euskarazko film onenari), laguntza ofizialik gabe egindako filmek jaso dezaketen Vertigo Saria (400 euro), Ikusleen Saria (300 euro) eta Mundukide Saria (700 euro) hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onenari.

2019ko apirilaren 2tik 5era egingo da 12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button