MUSIKA

Getxoko Kontzertu Klasikoak 25. ediziora heldu dira

25. urteurrenaren ospakizun hori dela eta, nazioarteko talde ospetsuak arituko dira zikloan eta, horiez gain, artista gazteak ere jardungo dira. Otsailaren 16tik 20ra bost saio egongo dira Areetako Andrés Isasi Musika eskolan, otsailaren 19an, ostiralean, izan ezik. Kontzertu hori Algortako El Redentor elizan izango da. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.

Lehenengo egunean, hilaren 16an, asteartean, kontzertuek nazioarte mailan ganbera-talderik onenetakoaren ekitaldia hartuko dute, The Schubert Ensemble of London taldearena, hain zuzen ere. 25 urtetik gorako ibilbidearekin, boskote horrek mundu osoan zehar eskaini izan ditu kontzertuak eta beren diskoek hainbat sari lortu dituzte. Getxon, Hummel, Brahms eta Schubert konpositoreen piezez osatutako programa eskainiko dute.

Hurrengo egunean, asteazkenean, Innova Ensemble haizezko boskotea izango da protagonista, 2008an izen bereko taldearen baitan eratutako talde gaztea, ganbera-musika zabaltzera dedikatzen dena eta musika garaikidearekiko interes berezia duena.

Euskal Kantu Liriko Berria proiektua ere Getxora etorriko da, Marta Velasco mezzo-sopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Juan Jose Ortega piano-joleak osatzen dutena; euskal konpositore klasikoen lana ezagutzara eramateko beren indarrak batu dituzten hiru artista dira.

Ostiralean, Kontzertu Klasikoek Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa hartuko dute, 2004an Bizkaiko goi-mailako musikari gazte tituludunek sortutako taldea. Orkestraren kideak Bilboko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Musikeneko azken promozioetako kideak izan ziren eta, nahiz eta gazteak izan, esperientzia nabarmena dute. Kasu honetan, BOSek Vivaldi, Haendel eta Mozart konpositoreen piezez osatutako programa joko dute.

Bukatzeko, Brodsky Quartet arduratuko da zikloa datorren urtera arte agurtzeaz; eremu klasikoko harizko laukote ospetsuenetakoa da eta bere 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean mundu osoan zehar aritu da modu nekaezinean.

Getxoko Kultur Etxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button