IKUS-ENTZUN

75 urte gogoan

Bizkaiko eta Euskadiko memoria historikoa berreskuratu nahian sortu da ekimena. Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan asmo handiko proiektua da. Berez, jendearen, belaunaldi ezberdinetako pertsonen, parte-hartzearekin egindako proiektua izango da, izan ere, bonbardaketa haiek, gure lurralde historikoko 30 udalerrik baino gehiagok bizi zituztenek, Bizkaian milaka hildako eta zauritu utzi zituzten. Urte haietan hainbat herritan gertaturiko bonbardaketen gaineko beste ikuspegi bat eman nahi da era honetan eta dokumental formatuan erakutsi nahi zaio Bizkaiko gizarteari eta euskal gizarte osoari zer gertatu zen, zer ahaztu den, zenbat sentimendu ilundu eta ostendu ziren.

Dokumental hori egiteko, bonbardatuak izan ziren herrietako gazteek hartuko dute parte, familiakoen testigantzak emanez eta euren begirada berria erantsiz. Sentimenduen collage bat osatu nahi da modu honetan belaunaldien arteko topagune bat sortuz, eta, ikusitakoa eta sentitutakoa bizirik mantenduz.

Josune Ariztondok esan duenez, "oroimen historikoa bizirik dagoela jakinarazteko sortu da proiektua. Gaurko gazteen begien bidez eginiko sormen lana izango da, herririk herri gauzatuko dena".
Aristondoren ondoren, Jose Antonio Olea gizon edadetua, bertako bonbardaketen lekuko izan dena mintzatu da eta haren oroimen ilunak kontatu ditu.
Proiektu osoa koordinatuko duen zuzendaria Egoitz Rodriguez izango da. Horrek galdera bat planteatu du: Zer gertatu zen garai hartan bizi ziren pertsonen emozio eta sentimenduekin? "Ez dugu datuz beteriko txosten periodistiko bat egin nahi. Garai hartako sentimenduen collagea baizik. Testigantzaz gain, 33 herrietan egingo diren lan taldeetan, diziplina artistiko ezberdinetatik datozen pertsonen laguntza ere izango dugu."

Dokumentala 2012ko apirilaren 26an estreinatuko da, aire-eraso odoltsu haren 75 urte betetzen diren egunean bertan, baina aurretik hainbat zinema-jaialditan ikusi ahalko da, gertakari haren gaineko ikuspuntu berritzailea eta ezberdina erakusteko munduari.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button