MUSIKA

Bakelite bikoteak “Azeriak” diskoa argitaratu du

Sergio Llanos (gitarrak) eta Naiara Anasagasti (ahotsa eta perkusioak) bikoteak osatzen dute Bakelite egitasmoa: 2012an, single autoekoitzia argitaratu zuten, eta orain, berriz, iraupen luzeko lehenengo diskoa, Azeriak (Frigo Fingers eta Borax Ekoizpenak), zeina, laster, CDan eta LPan plazaratuko duten (dagoeneko euren bandcamp webgunean entzun daiteke).

Bakeliteren jarioan rock-and-rollaren eta blusaren eraginak nabariak dira, baina bestelako estiloek ere tokia daukate; esaterako, Merkatura doinuan dub oihartzunak entzuten dira, eta Begiak Itxi kantuan post-punk giroak nabaritzen dira.

Horren harira, Sergiok ondokoa azaldu zigun 2012an egin genion elkarrizketan: “Ez dugu aterik itxi nahi edo genero musikal batera mugatu. Blues edo rock’n’roll kutsudun abestiak ez ezik, country giroa dutenak ere baditugu, baina nigatik bossa jotzea ere posible liteke! Gure estiloaren oinarria, Naiararen kantatzeko moduan edo nire gitarra jotzeko moduan finkatuko nuke. Gustatzen zaiguna abesti bakoitzak itxura edo tankera desberdina edukitzea dela esango nuke, anitza izatea”.

Hala disko berria esandako horren isla da, Sergiok bere garaian aurreratu bezala: “LP berria, dinamikoa, abesti desberdinez eratua, interesgarria, irudikatzen dut, abesti trankil eta patxadatsuetatik tentsioz beteriko eta zarataz beteriko abestietara igarotzeko beta eskaintzen duten horietarikoa”. Hala, diskoan Royal Trux edo Spacemen 3 talde toxikoen zertzeladak sumatzen dira.

Rafael Martinez del Pozo (Grabaciones de Campo, Castro de Cepeda) teknikariarne zuzendaritzapean grabatu dute, eta emaitza bikaina da, diskoa anitza izanagatik ere, osotasuna erakusten baitu, soinu aldetik. Gitarren, soinua, sendoa eta iradokitzailea da.

Kantatzeko moduari dagokienez, Naiarak batua eta bizkaiera nahasten ditu, berez: “Abestietan sonoritatea, hau da, hitzen soinua, lehenetsi izan da, erabiltzen nenbilen euskalki edo aditz motaren zehaztasunaren gainetik. Eremu honetan ere erabateko askatasuna bilatu izan dut, hitzak modu naturalean irteten zitzaizkidan heinean konposatzen joateko”.

Bakeliteri egin genion elkarrizketa osoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button