BERTSOTAN

Gasteizko Udalak ez du bertsolaritza sustatuko

Egun hauetan sortu zen albistea: Gasteizko Udalak bertsolaritza sustatzeko eta transmititzeko hitzarmena bertan behera utzi du.

Arabako Bertsozale Elkarteak sumindura adierazi nahi izan du aste honetan egin duen prentsaurreko batean. Hortik jaso dugu hemen laburbiltzen dugun testua: “2012an udal aurrekontuetan Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken 4 urteotan izan duen hitzarmena bertan behera uzteko asmoaren berri jaso dugu hedabide eta alderdi politikoen bidez, baina udalaren aldetik inolako azalpenik jaso gabe.
Lanean ari gara Gu ere bertsolari proiektuarekin Gasteizko 700 haurrekin, Arabako kuadrilla arteko bertso txapelketako bat-bateko 5 talde ari dira Gasteizen elkarren arteko lehian, eta 8 dira bertso-sorta kolektiboen lehiaketan diharduten taldeak, 100 lagun guztira, bertso-eskolan 4 talde dauzkagu martxan, haur eta gazte taldeak…. Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan.

Aurrekontu hauekin egin dena lotsagarria iruditzen zaigu: Dagoena modu arrazional batean banatu beharrean, batzuk mantendu, proiektu berri distiratsuak sortu eta beste batzuk kleenexak bezala zakarretara bota dituztela. Hori da gure kasua.(…)

Edonola ere, euskarazko kultura eta gaztelerazko kultura ez daude inondik inora ere ekonomikoki eta politikoki maila berean. Euskarazko kulturak ezin du plaza eta zentimo bakar bat ere galdu. Biziraupena dago jokoan.(…)
30 urte luze hauetan euskararen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritza, ekarpena egin diogu eta bertatik edan dugu, elkar elikatu dugu. Euskara sua izan bada, bertsoa hauspoa. Elkarren beharra daukagu eta izango dugu aurrerantzean.

50.000 eurotik 0ra. Alde handia dago. Baina alde handiagoa dago Araban herriz herri eskualde guztietan bertsolaritza ikastetxeetan lantzeko, bertso-eskolak sortzeko, bertsolaritza hedatzeko eta bertso saioak sustatzeko ematen ari den salto izugarriaren eta Gasteizen eragin nahi den zuloaren artean.

Bertso-eskolak 30 urte beteko ditu aurten. Zoritxarreko urteurrena Gasteizko bertso-eskolarentzat. Egindako lan guztiaren ondoren, 30 urte atzera egin behar ote dugu? (…)

Sinetsi nahi dugu, Gasteizko Udala ez dela kontziente bere erabakiaren ondorioez, ez dituela bertsolariak isilarazi nahi, ez duela euskal kultura zokoratu nahi. Ez duela gazte zein helduak Gasteizen euskaraz bizitzea eta euskaraz gozatzea  posibleago egiten duen ekosistema aberatsa hautsi nahi. Akatsak zuzentzea jakintsuen bertutea omen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button