BESTELAKOAK

Gabriel Arestiren figura gaurkotzeko apustua

Gabriel Aresti Kultur Elkartea eta Gabrielen Lekua izeneko ikusgarria aurkeztu da gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian.  Honen gaineko xehetasunak Xabier Monasterio, Andoni Egaña, Oier Guillan, Rafa Rueda eta Suitzatik Alain Urrutia margolariak eman dituzte.

Gabriel Aresti kultura elkartea Zenbat Gara bazkideek eta idazlearen senitartekoek osatu dute xede nagusi batekin: idazle bilbotarraren ondare literarioa eta erakutsi dituen giza balioak, zentzu orokor eta zabal batean, ezagutaraztea.

Hori erdiesteko idazlearen euskalduntasuna goratuko dute, izan ere, berak egindako ibilbide oparoa eta sorkuntzaren bidez euskarari emandako maila gailena aitortu behar zaio. Era berean, haren unibertsaltasuna azpimarratuko da, Bilbotik mundura begira gizatasunaren balioak aldarrikatzeko sekulako lana egin batzuen; eta azkenik, bere idazlan guztietan ageriko kontua den justiziarekiko maitasuna.

Helburu hauek eskuratzeko lan ildo batzuk markatu dituzte bazkideek. Modu horretan, bere obrara hurbildu nahi duen orori begira bereziki, idazlearen ondare idatzia sailkatu, antolatu, berrargitaratu, kritikatu eta zabalduko da lau haizetara. Ahalegin honen barruan, ikus-entzunezkoak eta oro har, haren idatziak paperetik bestelako euskarrietara pasatzeko lanak ere egingo dira.

Elkartea aurkeztu ostean, Gabrielen Lekua sentikariaren aurkezpena egin dute mahaiaren bueltan bildutakoek. Urrian izango da ikusgarria (12, Donostian aurrestreinaldia) eta Bilboko Arriagan (urriaren 29an, estreinaldia), eta ekimen askoren ardatza izango da sentikaria, izan ere hainbat egunetan proiekzioak, kantu saioak, lehiaketak, erakusketak, poema irakurketak eta beste kontutxo asko ikusteko parada egongo da.

Gabrielen Lekua saiorako Andoni Egaña, Oier Guillan, Rafa Rueda eta Alain Urrutia laukotea bildu da, eta hauek adierazi duten bezala, hitza, antzerki fisikoa, inprobisazioa, musika, artea eta lengoaia artistiko ezberdinetako uztartura izango da nagusi. Lanean ari dira lau sortzaile gaur egun, baina Arestiren obra presente egiteaz gain, hauen sormen lanak ikusteko abagunea izango du ikusleak.

Elkarte berriarekin eta urriko ekitaldi honekin, Arestiren figura eta obra ezagunago izateko lehen urratsa bermaturik dago honezkero.

Elkartea zertan den eta Gabrielen Lekua saioaz gehiago jakin nahi izanez gero, ekimenak badu webgunea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button