MUSIKA

Ke No Falte, fusioaren alde

Bilboko Santutxu auzoko Ke No Falte reggae talde ezagunak Vente Conmigo izenburuko disko berria aurkeztu du gaur goizean Bizkaiko hiriburuan. Bertan, lau taldekide izan dira, tartean, Jose (ahotsa eta gitarra) eta Axier (baxua). Biek ala biek taldearen bizkarrezurra osatzen dute taldearen hastapenetatik. Bi horiekin batera Ali (ahotsa) eta Alain (bateria) izan dira. Diskoa Hontza Produkzioak agentziak eta Baga Biga diskoetxeak plazaratu dute lankidetzan.

Ekitaldiaren hasieran Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkariak hartu du hitza, eta argi utzi du diskoak hainbat estiloren arteko fusioa dakarrela, reggae-an oinarritu arren. “Ez dago reggae puristarik”, berretsi du Jose abeslariak. Izan ere, Santutxukoen hirugarren lan honetan mundu osoko makina bat herrialdetako doinu, instrumentu eta musikari aurki daitezke. “Disko dibertigarria da, eta era berean, musikalki serioa, anitzena eta osatuena”, azaldu Axier baxu jotzaileak. “Oso diskoa landua da, eta fusioa erabatekoa da”, gehitu du Josek.

Horren guztiaren erakusle diskoa zabaltzen duen Mi Samba Reggae doinua da. Bertan, eta izenburuak argi adierazten duenez, reggaea eta samba erritmoak nahasten dira. “Diskoaren singlea da eta diskoak dakarrena aurreratzen du, alegia, estiloen fusioa”, nabarmendu du Josek.
Izan ere, erritmo ezberdinen arteko uztarketa horren bitartez ikus-entzule gehiagorengana iristea dute helburu. “Publiko guztiarenagana eta estilo guztietara iristea da gure xedea”, argitu du Josek. “Beti esan dute reggae garela, baina gu ez gara inoiz estilo horretara mugatu”, berretsi du Axierrek. Fusio hori erdiesteko disko honetan mundu osoko musikarien laguntza izan dute grabazioan. “Guztiak gure lagunak dira”, esan du Axierrek.

Diskoa 2007. urtean hasi zen Jose idazten eta 2010 eta 2011 urteetan murgildu ziren grabazioan. Kantuak Bilboko Koba eta Belfegore estudioetan grabatu zuten, Acercate a Mi kantua izan ezik, Malagan grabatu baitzuten.

Hamabi urtez izan da Ke No Falte agertokietatik urrunduta. Izan ere, 1999. urtean egin zuten haien azken kontzertua. Tarte horretan bi disko grabatu zituzten eta arrakasta ikaragarria lortu haien kontzertu jendetsuak tarteko. 2010ean eginiko kontzertu bakarrak piztu zuen berriro bilbotarren musikarako grina. “1500 pertsona sartu genituen aretoan eta horrek indarra eman zigun berriro grabatzeko eta jotzeko”, esan du Josek.
Beraz, taldea zuzenean berriro ikusteko aukera izango da. Hasteko, martxoaren 2an, Bergaran izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button