MUSIKA

Durangoko Azokako bigarren Sormen Bekak, Iratxe Aguileraren proiektua saritu du

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko 54.azokaren harira sortutako bigarren  Sormen Bekaren irabazlea Iratxe Aguilera gasteiztarra izan da, Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan izenburupean, euskararen periferiatik musika urbanoa lantzen duen proiektuarekin.  Euskara sustatzea, musika urbanoaren estereotipoak apurtzea eta aldarrikapen feminista dira, proiektu honen osagai nagusiak.

Horrela erabaki dute epaimahaia osatu duten Maite Arroitajauregi (Mursego), Joxan Goikoetxea, Iñaki Jaio, Julen Idigoras eta Aitor Etxebarriak. Hala, 15 mila euroko sariarekin,  Iratxe Aguilerak urtebeteko epea izango du bere proiektua garatzeko, eta 2020.urteko Azokan, 55. edizioan hain zuzen ere, aurkeztu beharko du lana.

Aguileraren proiektuaren helburua, euskara nerabeen artean bultzatzea eta feminismoa aldarrikatzea da, genero berritzaileen bidez eta musika urbanoaren estereotipoak hautsiz. Gasteiztarraren arabera, “Euskal Herrian genero urbanoaren hutsune handi bat dago eta garrantzitsua da periferiako nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora”. Nerabe eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea izango da Aguilerak gidatzen duen proiektuaren helburu nagusietako bat: “Gaur egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultur adierazpide berrietan euskarak ere presente egon behar du”.

Izan ere, musikariak dancehall, reggeatoia, trap eta bestelako generoak lantzen ditu proiektuan eta Aguileragaz batera, jatorri mexikarra duen Chickjuarez sortzaileak parte hartuko du. Eskarmentu handiko musikaria da bera, jazz, gospel eta musika afroamerikar modernoan aritutakoa.

Epaimahaiko kideek Aguileraren gogoa eta ilusioa azpimarratu dute: “Seriotasuna eta ilusioa nabari dira proiektuaren proposamenean. Ideia argiak eta zabalkunderako gogoa. Proiektuak hain hedatuta dagoen musika urbanoa hurbildu nahi du Euskal Herrira, emakumeen protagonismoa azpimarratuz. Genero horri atxiki zaizkion estereotipoei aurre egin nahi dio, eta, aldi berean, euskaraz izanik, hizkuntza bera sustatuko dute nerabe eta gazteen artean”.

Informazio gehiago hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button