MUSIKA

Disco estiloko erritmoak entzungo dira gaur Dabadaban

Donny Benet musikari australiarrak 1980ko hamarkadako disco erritmoak berreskuratzen ditu gaurkotzeko asmoz. Bada, gaur, Donostiako Dabadaba aretoan izango da, 20:30etik aurrera, eta seguru gaude dantzalekua hankaz gora jarriko duela.

Donyk The Don (Dot Dash, 2018) izenburuko lana aurkeztuko du, bere hirugarren lana. Aurretik, Don’t Hold Back (2011) eta Electric Love (2012) argitaratu zituen. Sydney hiriburuan jaioa, txikitatik ikasi zuen akordeoia eta baxua jotzen, bere aita Antonio Giacomelli Benet Italiako disco eszenan nabarmendu zen soinujolea izan baitzen. Australiako taldeetan hasi zen sintetizadorea jotzen Donny Benet, baina 2000 urtean, Las Vegaseko Airport Hilton Ballroom-era joan zen Tom Jonesen bertsioak eta disco doinu klasikoak jotzera. 2010ean Australiara bueltatu zen, eta bakarkako ibilbidea abiatu zuen.

Musikari australiarrak hamaika osagai uztartzen ditu bere proposamen dantzagarri bezain iradokitzaileetan: Las Vegas hiriko hoteletako Tom Jonesen ikuskizunak, glamaren xarma, electropop giroak, eta 1980ko hamarkadako sintetizadoreak. Giorgio Moroder, Alan Vega eta Duran Duran elkarrekin oheratuko balira  bezala.

Dabadabaren arabera, “Aurrekontu murrizketa latza sufritzen ari den Prince gisa ezagutzen dugu, edo  Giorgio Moroder, Alan Vega eta Michael McDonald osaben iloba kutuna. Honek bizitza ematen digu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button