BESTELAKOAK

Euskararen Etxearen udazkeneko programazioa

Bilboko San Inazio auzunean kokaturik dagoen Azkue Fundazioak kudeatutako Euskararen Etxean, programazio berria abiatuko dute hil honetan. Bizkaiko naturaren alderdiak argazkietan izeneko erakusketa ikusteko azken aukera egongo da aste honetan, eta gero, aste honetatik aurrera, martxan jarriko da udazkenari begirako programazio berria.

Hala, ostegun honetan, irailak 18, erakusketa biren inaugurazioa eta kontzertu bat programatu da, 19:00etan. Iñaki Mendizabal eta Xabier Barrios erakusketen aurkezpenarekin batera, eta Josu Bergara kantautorearen kontzertua egongo da.

Iñaki Mendizabal (Berriatua, 1968) hainbat hedabidetan kazetari ibiltzen da, eta horretaz gain, argazkilaritza du pasio ezkutua. Berriatukoak eginiko erakusketak, honakoak dira: 2013an, Zelaietan (Zornotza) eta 2014an, Historia eta Arte Museoa (Durango), Uhagon Kultur Etxea (Markina) eta Pabilioi 6 (Zorrotzaurre, Bilbo).

Euskararen Etxean Zain izeneko sailetik lau lan eskegiko ditu, eta beste hiru Frakzioak sailekoak izango dira. Lehena Kuban ateratako argazkiak dira. Kuban zain egoteak bestelako ñabardurak ditu, gurean ez dituenak. Kuban zain egotea ia-ia ofizio bat da, eguneroko ogia. Beti zer edo zer gertatuko denaren zain, eta, bitartean, eguneroko sargoriarekin dantzan. 
Frakzioak sailean, pelikula bateko pertsonaiak bailiran, kristal zatikatu baten aurretik pasatzen dira langileak: fotograma diferenteetan, norbanakoa da bere bizitzako aktore printzipala.

Bestalde, Xabier Barrios (Iruñea, 1984) Bilbon bizi eta lan egiten du aspalditik. Leioako Arte Ederretan lizentziatua da, eta ikus-entzunezkoetan eta argazkilaritzan espezializatu da. EHUko beka jaso du teknologia berriak eta argazkilaritzaren arteko planteamendu berriak aztertzeko tesia egiteko. Erakusketa asko egin ditu Aoiz, Valentzia, Eibar, Huarte, Getxon, Gasteiz… eta beste hainbat tokitan. Artista honek Euskararen Etxean paratuko duen erakusketarako, lan bereziak eta propio eginak prestatuko ditu.

Josu Bergara (Ea, 1979) zazpi urtez kantautore moduan kontzertuak eskaintzen egon ostean, 2006an lehenengo diskoa grabatu zuen: Karramarroen hiria. Bigarren diskoa Nora zoaz Mutrikuko AME estudioetan grabatu zuen. 2012an, bere lanik berriena argitaratu zuen, Katiuska gorriak. Biolinak, biola eta biolontxeloaren laguntzaz zein  bateria, pianoa, baxua eta perkusioekin soinu landua  eskainiz, erritmo eta musika mota oso ezberdinak  aurkitzen dira lan berrian: reggaetik pop-era, folk, latin-jazz eta habanera doinuetatik pasatuz. Beti ere, kantautorearen kutsua galdu barik.

Irailaren 25ean, 19:00etan, ikus-entzunezkoak izango dira protagonista Euskararen Etxean. Nontzefilmaklehiaketaren euskarazko lanik onenen emanaldi bat osatu da egun horretarako. Nontzeberri.com kultura webguneak Nontzefilmak Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa on-line jartzen du urtero martxan Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzaz. Lanak zinemakoak edo animaziokoak dira, azken horretan animazio teknika guztiak onartuko direlarik (3D, Flash, stop-motion…).

Urriko programazioan Errealkubo kolektiboaren tailerra antolatuko da: Berrerabilpena, Berziklapena eta Murrizketa (Ohial eta Arropa Moldaketak). Hirugarren asteko ostegunean gauzatuko da. 
Eta urriaren 23an, Inun taldearen kontzertua. Inun zornotzarrak (Mikel Inunziaga, Zornotza, 1983) estreinako diskoa kaleratu du duela gutxi, Berreginez izenburupean.

Azkenik, urriaren 29an, Alex Txikon mendizale eta abenturero euskaldunak bere azken bidaien gaineko hitzaldia egingo du.

Datorren hilean aletuko ditugu azaroan eta abenduan etor daitezkeenak. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button