BESTELAKOAK

“Erramunen soinua”

Erramunen soinua umeei zuzenduriko Bizkaiko Trikitixa Elkartearen argitalpena da, liburu eta diskoz osatua. Unai Elorriagak idatzitako istorioan, pertsonaia xelebre batzuei gertatzen zaizkien pasadizoen bidez, trikitixaren nondik-norakoak azaltzen dira: nondik datorren, zelan jotzen den, zeintzuk erritmo erabiltzen diren, etab.
Ipuinean zehar pertsonaiek hainbat kanta abesten dituzte, diskoan biltzen direnak hain zuzen ere. Kanta horien letrak ipuinean txertaturik ageri dira, baita pieza horiek trikitixarekin jotzeko partiturak ere. Partitura hauek trikitixa ikasleei zuzenduriko oharrekin ageri dira, kasu bakoitzean nota non dagoen edo zein atzamarrekin jo behar den jakiteko.
Liburuaren amaieran aipaturiko oharrak ulertzeko argibideak eskaintzen dira. Musika egitearen eta transkribatzearen ardura Xabi Aburruzaga eta Jose Urrejolarena izan da, eta Unai Elorriagak idatzitako letretatik abiatuz pieza berriak sortu dituzte. Eider Eibarrek proiektu honetan hain garrantzitsuak diren irudiak egin ditu. Istorio, musika, irudi eta partiturez gain, jolasak ere aurkituko dituzue lan honetan.

Proiektu honekin Bizkaiko Trikitixa Elkarteak hainbat helburu lortu nahi izan ditu. Alde batetik, ohikoak diren trikitixa sustatzea eta irakaskuntzan laguntzea. Bestetik, orain arte jorratu gabeko publiko bati, umeei, materiala eskaintzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button