BESTELAKOAK

Bizkaian “Ondarea bizirik” lelopean kultura programazio zabala

Urrian, Bizkaiko Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak izango dira, eta bertan 150 kultura-jarduera eskainiko dira 70 udalerritan, Ondarea bizirik lelopean.

Edizio honen helburu nagusia da “ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu egin behar baitira.”

Edizio honek 152 proposamen eskainiko ditu, tartean, hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, ogibide tradizionalen erakustaldiak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak, dastatzeak eta kontzertuak. Eta beti ere helburu zehatz batekin, Bizkaiko kultura ondarea bizirik mantentzea.

Bizkaian ere ospatu egingo da Ondare immateriala babesteko Unescoren Legearen 20. urteurrena. Lurraldean, kultura ondarearen parte diren askotariko kultura adierazpenak daude, eta jardunaldi hauetan, publikoak horietaz gozatzeko aukera izango du.
Adibidez Pobalen, Hortzmuga konpainiak eskainiko duen Peru Abarka klasikoaren antzezpenaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Halaber, Etxebarrin Etxebarri bizirik jaia antolatuko da, eta dantzari, musikari, aisialdiari eta gizarte mugimenduei lotutako jarduerez osatutako programazioa egingo da.
Beste aldetik, emakumeek ondare immaterialaren transmisioan duten garrantziaz jardungo dute hainbat bisita gidatuetan, besteak beste, Santurtzin, Getxon, Sopelan eta Urdulizen. Ondarroan itsasoari lotutako ogibideak dituzten emakumeen bizitzari buruzko hitzaldiak emango dira, eta Zaldibarren, emakumeek nekazaritzan duten paperari buruzkoak.

Bizkaian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare immateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: Ahozko Tradizioak eta Adierazpenak, Ikuskizunen Arteak, Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak, Naturarekin eta Unibertsoarekin lotutako Ezagutzak eta Erabilerak, eta Artisautza Teknika Tradizionalak.
Lehen atal horren barruan makina bat ikuskizun programatu dira. Horietarako batean Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak Koplariak Koplari ikuskizuna eskainiko dute Euskal Herria Museoan eta Maruri Jataben. Bertsolaritza ere Mungiako hainbat jardueren protagonista izango da, Taket Bertso Eskolaren 25. urteurrenarekin bat etorriz. Eta antza tradizionalarekin lotutako jarduerak ere azpimarratu behar dira, hala nola Bakioko Txakolin dantza, Berrizko, Dantzari dantza, Santurtziko Kaskarot edo Lanestosako Arkuen dantza.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta agenda honetan kontsultatu daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button