BESTELAKOAK

Bihar abiatuko da Getxoko Komiki Azoka

Azaroaren 3tik 5era luzatuko da aurtengo Getxoko Komiki Azoka, eta, betiko legez, bineten munduaren zaleen gozagarri egitarau potolo bezain interesgarria atondu dute. Hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak izango dira.

Azokan artista ospetsuak bilduko dira. Aurtengo gonbidatuen artean adibidez, Chris Claremont, Marvel argitaletxearen komikien egile nagusienetariko bat nabarmendu behar da; komiki alternatiboaren ikurra den Peter Bagge ere bertan izango da. Horiez gain, Claudio Castellini, Ana Oncina, Javier Rodriguez, Ramon Boldú, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Cordoba, Lorenzo Montatores eta beste asko Getxon batuko dira.

Ohi denez omenaldi xumeak ere egiten dituzte Azokan. Aurten bi egile aipatu behar dira: Josep Maria Beà bartzelonarra, AEBetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindari izan zena; eta Gregorio Muro Harriet, euskal komikigintzaren erakusle nagusietariko bat.

Programazioaren barruan erakusketa dezente antolatu dira, eta hala, Peter Bagge, Harriet, Ana Oncina eta Voltio aldizkari berriari dedikatutako erakusketak izango dira ikusgai, bai eta Xabiroi euskarazko aldizkariarena  eta Daniel Gojénolaren Zinekomik izenekoa ere. Umeentzako tailerrak ( euskaraz eta gaztelaniaz), edota film laburren emanaldi interesgarriak osatuko dute egitaraua.

Egun horietan hainbat liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fantzineen 60 salmenta-gune kokatuko dira Areetako Geltokia plazan, komikiaren diziplina guztiak bertan egongo baitira. Hortaz, argitaletxe eta egileen nobedadeak ikusteko, eta hitzaldi eta mahai-inguru erakargarriak entzuteko, eta komikiaren munduarekin zerikusia duten era guztietako jarduerekin gozatzeko, azaroaren 3tik 5era, Getxoko Komiki Azoka duzue zain.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button