MUSIKA

Kherau taldeak “Aukhera” diskoa argitaratu du

Euskal tradizioan sustraitutako Aukhera izenburuko lana plazaratu berri du Kherau folk bandak. Taldeak jakinarazi duenez, grabazio honetan soinua indartu eta biziagotu du; horretarako, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako doinuak, euren kantuekin uztartu ditu.

Diskoaren sonoritatearen harira, folk estiloko instrumentuak dira nagusi: soinua, kajoia, bouzoukia eta baxua. Oraingoan, baina, bestelako instrumentuekin nahastu ditu Kherauk, tartean, flauta eta esku-soinua.

Horrekin batera, esperimentaziorako joera ere nabarmentzen da; hala, bestelako estiloen zertzeladak ere sartu ditu zenbait kantutan: countrya eta AEBetako folka (Nevada eta Amamari) edo Balkanetako erritmoak (Transilvarin). Zenbait landa-grabazio ere egin dituzte: aspiradora, grapagailu eta galdara hotsak: burdin tailer bateko kolpeak; prozesadore analogikoetatik pasatutako ahotsak…

Hitzei dagokionez, askotarikoak dira,baina oraingoan letra pertsonalak nagusitu dira: denboraren igarotzea, desamodioa, laguntasuna…

Diskoa Gaua estudioan grabatu da, eta taldekideak arduratu dira ekoizpen artistikoaz, Jon Asier Zubelzu eta Bruno de Zabalaren laguntzarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button