BESTELAKOAK

Bilboko kaleak kulturaz beteko dira maiatzean eta ekainean

Kultura Kalez Kale kaleko jardueraz eta ikuskizunez betetako ekimena maiatzean eta ekainean burutuko da, 5. barrutian, Ibaiondon. Barruti horretan daude Zazpi Kaleak, Solokoetxe, Atxuri, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Miribilla, San Adrian eta Abusu.

Egitarau oparo honen lehenbiziko jardunaldia, maiatzak 1, zuzeneko musikari eskainita egongo da. Hala, 12:00etatik aurrera, Maiatzaren 2ko kalean, El Cachivache tangoaren eta Terráquea sonora gizon orkestraren zuzeneko emanaldiak jarraitu ahal izango dira. Horrez gain 16:30etatik 20:00etara bitartean Minimoloco DJ eta Lloque DJ arituko dira Lamana kalean, eta Félix Daniel eta Los Mollasi DJ bikotea, berriz, Castaños Jeneralaren kalean.

Maiatzaren 9a familiei egongo da nagusiki eskainita. 12:00etatik 14:00etara bitartean, Zabala plazara hurbiltzen direnek Óliver magoaren El Libro Mágico ikuskizunaz eta erraldoi, buruhandi eta zaldiko konpartsa batez gozatu ahal izango dute. 17:00etatik aurrera, haurrentzako tailerrak egongo dira Ángela Figuera plazan, hori ere Zabala auzoan.

Maiatzaren 15ean, Mariaren Bihotzaren plazan burutuko den aire zabaleko azokan, Txalaparta izango da Erriberako Zubian, eta 12:30etan, Azokatik, erritmo eta musika afro-brasileiroa Conde Mirasol kaletik abiatuko dira, Bilbo Zaharra auzoraino, African Samba taldearen eskutik.

Hilaren 23an, igandea, antzerkiari eta kaleko animazioari eskainiko zaio Miribilla auzoan. Erraldoien eta buruhandien konpartsa batek alaituko du tren geltoki berriaren ingurua eta Óliver magoak bere ikuskizuna eskainiko du Gernikako plazan. Horrez gain, Hortzmuga antzerki taldeak Zirko Iluna lana eskainiko du Abusuko Parkean.

Ekaina

Hilaren 5ean, larunbata, 11:00etatik 15:00etara bitartean, 5. barrutiak bat egingo du Ingurumenaren Mundu Egunarekin Maiatzaren 2ko kalean, eta birziklapenaren erabilerari buruzko bi tailer antolatuko ditu. Egun berean, Residual Gurus taldeak gidatuko duen musika kalejirak Bilbo Zaharra zeharkatuko du 12:00etatik aurrera.

Hurrengo egunean jarduerak San Adrian auzoraino eramango dira, eta bertan Óliver magoak beste ikuskizun bat eskainiko du, eta konpartsa eta haurrentzako tailerrak ere egongo dira.

Ekainaren 10ean, Mariaren Bihotzaren Plazan (San Frantzisko) eta
21:00etatik aurrera, laburmetraiak proiektatuko dira aire zabalean, Caostica taldeak antolatuta. Hiru saio egongo dira: txikienei eta familiei zuzendutakoak, auzoko neska gazteek sortutakoak eta adin guztietako jendeari zuzendutakoak.

Artea kalean

Iaz bezala, aurtengo edizioak ere Behera Pertsianak lehiaketa jasoko du. Lehiaketaren xedea Bilbo Zaharreko hiru saltokiren pertsianak graffitiekin apaintzea da. Kaleko artisten lana errebindikatu eta, aldi berean, auzoari irudi modernoa eta deigarria eman nahi zaio.

Egitarau osoaren xehetasun guztiak Bilboko Udalaren webgunean aurki daitezke.

MBNk bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button