BERTSOTAN

19 bertsolari sartu dira BTN22ko finalaurrekoetara

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Jone Uria eta Lizarrako Los Llanos aretoan Aitor Bizkarra nagusitu ostean, Bertsolaritza Nagusiko lehen fasea amaituta, osatu da finalaurrekoatara sartu diren bertsolarien zerrenda.

Asteburuko saioetan Jone Uriak 706 punturekin eta Aitor Bizkarrak 693,5 punturekin pasea irabazita, 19 izango dira bigarren txanpari ekingo dioten bertsolariak. Hala, datorren eskailerara igaroko dira Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Jone Uria, Haritz Mujika, Nerea Elustondo, Ane Labaka, Aitor Bizkarra, Julio Soto, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Aitor Etxebarrizarraga, Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Iñaki Apalategi bertsolariak.

Hogeita hamasei bertsolarik izan dute lehia lehen txanpan, denak herrialdeetako txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei taldeka egin dira saioak, buelta bakarrera. Era horretara eta ariketaz-ariketa, talde eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatu da finalaurreko fasera. Gainontzeko finalaurreko bertsolarien zerrenda, ordea, puntu gehien bildu dituztenekin osatu da.

Hala, 24 bertsolari arituko dira finalera begirako bigarren txanpa honetan, horien artean, Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi, 2017an finalista izandakoak. Eta nola ez, Maialen Lujanbio, 2017ko txapelduna dute, BTN22ko finalean zein sartuko zain.

Datorren asteburuan atseden hartuko du txapelketak eta bigarren fasea, finalaurrekoena, urriaren 22an abiatuko da Elizondon.

BTN22ko sailkapenen xehetasun guztiak eta hurrengo saioetarako informazioa zein sarrerak eskuratzeko, bertsozale.eus atarira jo dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button