BESTELAKOAK

Umorea arriskuaren aurrean

Bilboko Barrea “Ja!” bilakatu da aurten. Hortaz, urriaren 1etik 12ra bitartean, Ja! Bilbao Umorezko Literaturaren eta Artearen VI. Nazioarteko Jaialdia egingo da Bilbon. Gaur berton, Juan Bas idazlea eta jaialdiko zuzendariak, Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak eta Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendariak ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurrekoan.

Badira sei urte, literaturarekin eta bere umorearekin barre egiteko gogoa sortu zela, eta seigarren edizio honetan, antolatzaileak esparru guztietan umorea bilatzen aritu ostean, umorearen tabuak eta umorea zelan egiten den arriskuaren aurrean analizatu nahi dute. Horrela, topaketa horietan, umoreak kultura islamiarrean, arrisku handiko egoeretan, edo erregimen nazian izan duen eragina aztertuko da. 

Betiko lez denetarik programatu da aste horretarako, baina batez ere elkarrizketak, hitzaldiak eta erakusketak, eta  nola ez, pertsonaia interesgarrien ahotsak: Antonio Resines eta Carlos Areces antzezleak; Rosa Belmonte, Manuel Jabois, Enric González eta Jon Sistiaga kazetariak; Rudolph Herzog, Fernando Aramburu, Juan Bonilla, Eduardo Mendicutti, Santiago Lorenzo, Kiko Amat, Milena Busquets eta Fernando Marías idazleak; Benet Casablancas musikaria eta Khalid Albaih umorista grafiko sudandarra.

Dena gaztelaniaz programatu da, eta euskaraz dagoen gauza bakarra Mikel Martinez eta Patxo Telleria protagonista dituen Desentxufatuak antzezlana izango da.

Aurtengo erakusketei erreparatuz gero, Quinori, Mafaldaren sortzaileari egindako omenaldia izango da interesgarrienetakoa. Horrekin batera Olmo eta Don Celes, edota Khalid Albaih artistaren Sad Jokes ere ikusgarriak izango dira.

Zer, noiz eta non ikusteko, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button