BESTELAKOAK

Lou Olangua musikaria omenduko dute Zarautzen

Larunbatean, hilak 21, Lou Olangua (Zarautz, 1960-2013) musikariari buruzko LOU. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala Zarautzen estreinatuko dute, Modelo aretoan, 17:00etatik aurrera. Gau partean, gainera, Dinamita pa’ los Pollos taldeko Reyes musika jartzen arituko da Marina Txiki tabernan, 23:00etatik aurrera.

Horrekin batera, baina ostiralean, Marivi Ibarrola argazkilariak Lou y el korral de la costa izenburuko argazki erakusketa inauguratuko du Zarauzko Ispiluarte galerian, 19:30ean. Erakusketa, hain zuzen, Andrea Lopetegi, Izotz Barrio eta Usua Garin gazteek filmatutako Louri buruzko dokumentalaren harira ondu da. Dokumentalak, oraintsu, Publikoaren saria jaso du Donostiako Dock Of The Bay jaialdian.

Argazki erakusketan 30 irudi bilduko dira. Argazkiok Lou Olangua eta Dani Ulaci musikariek 1980ko hamarkadan zuzendu zuten O.K Korral eta Humedecidos taldeen irudiak izango dira. Baina ekitaldiak, bereziki, Lou omendu nahi du. Hori dela eta, erakusketan inoiz ikusi ez diren artistaren 30 argazki paratuko dira. Horrekin batera, garaiko bestelako talde, kontzertu, giro eta parranden irudiak ere ikusi ahalko dira.

Marivi Ibarrola argazkilaria Najeran jaio zen 1956. urtean, baina txikitan etorri zen Donostiara bizitzera. 80ko hamarkadan Euskal Herrian eta Estatuan bizi izan zen punk eztanda jaso zuen bere argazkietan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button