BERTSOTAN

Bardoak 2012 taldekako txapelketako lau saio asteburuan

Martxa betean da Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa. Gaur berton, otsailaren 3an, hiru saio izango dira, Iruritan, Donezteben eta Lesakan, eta hurrengo egunean, larunbatean, beste bat Elizondon.

Iruritan Bar-ideak eta Beratarrak taldeak ariko dira. Jon Elizetxe, Iñaki Aleman eta Kotte Plaza dira Bar-ideak taldeko bertsolariak, eta beratarren aldetik Julen Zelaieta, Patxi castillo eta Aitor Elexpuruk kantatuko dute. Saioa Iruritako gizarte etxean izango da, 21:00etan eta sarrera hiru eurotan dago.

Saio horretaz aparte, bi bertso afari dituzue asteburu honetan ekimen honen barruan. Ostiralean Doneztebeko Casinon, Jituk eta Beteranoak taldeak arituko dira. Jituk Malerrekako taldea da eta Egoitz Gorosterrazu, Ander Fuentes Itturri eta Maialen Belarra dira taldeko bertsolariak. Barañaingo beteranoen aldetik, berriz, Saioa Alkaiza, Ander Baiano eta Mikel Lasarte, arituko dira. 21:00etan izango da afaria eta ondoren bertso saioa, dena 10 eurotan.

Lesakan ere bertso afaria antolatu dute, Arrano ostatuan eta 21:00etan hasita. Horren ostean, bi talde arituko dira aurrez aurre, Lesakako Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak eta Iruñeko Xirristi-Mirristi. Lesakarren taldean Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Ioar Taintak kantatuko dute eta iruindarrenean Xabier Terreros, Asier Saragueta eta Xabier Zarraluki. Afaria eta ondoko saioaren prezioa 15 eurokoa da.

Eta taldekako txapelketak asteburu honetan duen azken hitzordua larunbatean, hilaren 4an, izango da, Elizondon. Herriko Arizkunenea Kultur Etxeko ganbaran 19:00etatik aurrera bertso saioa izango da. Elizondoko Lepatanatuek (Jon Barberena, Oier Amiano eta Xabier Maia bertsolariekin) eta Larraungo Hautsi ta barratu taldea (Arkaitz Goizkoetxea, Oier Lakuntza eta Haizea Beruete bertsolariekin). Sarrera 3 eurotan izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button