BESTELAKOAK

Euskarazko musika-kazetaritzari buruzko jardunaldia eta kontzertua

Datorren asteko ostegunean, apirilaren 23an, Bilboko San Inazio auzunean kokaturik dagoen Euskararen Etxean, Azkue Fundazioak, Nontzeberriren laguntzarekin, Euskarazko musika-kazetaritzari buruzko jardunaldia antolatu du. Ekimena 19:00etan hasiko da. Mintzaldiaren ostean, Rafa Rueda kantariak kontzertu berezia eskainiko du.

Mahai-inguruaren ardatza euskarazko musika-kazetaritza izango da. Hala, kazetaritza esparru horretan ibilbide luzea eta oparoa dutenak bilduko dira, hainbat galderari erantzuteko asmoz: Existitzen al da euskarazko Musika Kazetaritza? Nolakoa da Euskal Herriko Musika Kazetaritza? Hemengoari arreta gehiago jarri behar zaio ezinbestez? Musikaz idazterakoan, zeintzuk oztopo ditu kazetari euskaldunak? Internet garaian zentzurik al du Musika Kazetaritzak?

Gai horiek jorratuko dituzte ondoko gonbidatuek: Kazetaritza idatzian eta Interneten, Xabier Sagardia (Entzun! musika aldizkariko koordinatzailea eta kazetaria; Prentsa Idatziaren 2015eko Argia Saria) eta Telebista eta Irrati Kazetaritzan, Fermin Etxegoien, kazetaria (EITB) eta idazlea. Horiekin batera, Antton Iturbe izango da. Iturbek hainbat hedabidetan kolaboratzen du: Berria, Entzun!, Pop Pilulak fanzinea… gaztelaniazko hedabideetan ere aritzen da.

Interneteko kazetaritzan Jon Eskisabel, Badok.info webguneko arduraduna.
Mahai-inguruaren gidaria, Goizalde Landabaso, EITBko kazetaria eta idazlea izango da.

Goian aipatu bezala, mahai-inguruaren ostean, eta liburuaren egunaren kariaz, Rafa Rueda kantariak hainbat euskal poeten poema musikatu batzuk eskainiko ditu kontzertu berezi baten barruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button