BESTELAKOAK

“Mintzalasai” festibal abian da Biarritzen

Biarritzeko Euskararen Bulegoak eta hogei elkarte inguruk euskararen inguruko Mintzalasai izeneko jaialdiaren estreinako edizioa atondu dute. Hala, 30 ekitaldi inguruko egitaraua taxutu dute irailaren 17tik 23ra.

Bihar bertan, irailak 19, eta Haurren Eguna lelopean, makina bat ekitaldi ondu dituzte umeentzat. Hala nola, surf eta skate-ean lehendabiziko urratsak emateko ikastaroak, Txokolatearen Museora bisitaldiak edo itsas bazterreko marearteko ingurumen arrokatsura ibilaldia.

Etzi, irailak 20, Nerabe eta gurasoen arratsa egingo dute. Egun horretan bi ekitaldi nagusi izango dira: Elebitasunari buruzko informazio bilkura eta antzerki ikastaroak.

Etzidamu, irailak 21, Gazteen Eguna ospatuko dute, eta egun horretako hitzordu garrantzitsuena Berri Txarrak rock taldearen kontzertua izango da. Emanaldia Atabal aretoan izango da.

Larunbatari dagokionez, irailak 22, Denen Eguna izango da eta makina bat jarduera izango dira, tartean, Tailer ludo-zientifikoak (umeentzako saio zientifikoak), Glisseguna (skate), Euskarazko ipuinak (Koldo Amestoyk aurkeztuak) edo Proiekzioa-eztabaida (Bertsolari filmaren emanaldia eta gero solasaldia bertsolari gazteekin).

Azkenik, igandean, irailak 23, Familien Eguna izango da eta hiru ekitaldiz gozatu ahalko da: danborrada, kantaldia eta Mintzalasai Besta.

Egitarauaren xehetasun guztiak (tokiak, ordutegiak eta bestelakoak) euskara-biarritz.eu webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button