MUSIKA

Tooth taldeak bira abiatuko du hamargarren urteurrena ospatzeko

Gernikako Tooth taldeak Amaierarik ez… izenburuko hirugarren lana plazaratu zuen iaz, eta aurten, halaber, hamar urteko ibilbidea beteko du. Bide horretan 150 kontzertu inguru egin ditu hirukoteak. Urteurren horren harira, zortzi kontzertuko bira ondu du.

Hala, gaur bertan, Bilboko Shake! aretoan izango dira gernikarrak, Ballard taldearekin, eta larunbatean, hilak 26, Elizondoko Gaztetxean, Kurkumarekin.

Otsailaren 8an, Ondarruko Rampin egongo dira gernikarrak, Grip, Üther eta Ballard taldeekin, eta 23an, Bartzelonara joan dira. Martxoaren 22an eta 23an, Elorrioko Gaztetxean eta Hondarribiko Psilocybe aretoan joko du hirukoteak, hurrenez hurren. Bi emanaldietan Vulk post-punk talde bilbotarrarekin partekatuko du eszenatokia. Apirilaren 13an, Tooth etxean izango da, Gernikako Iparragirre aretoan hain justu, Viva Belgrado taldearekin. Eta, amaitzeko, ekainaren 8an, Katalunia bisitatuko du.

Edorta Apraizek (gitarra eta ahotsa); Iker Romanek Mirri (baxua eta ahotsa) eta Pello Arzanegik (bateria) DUT, Lisabo edo Helmet taldeetatik edaten duen rock pisutsu eta zaratatsua jotzen dute.

Bira horretan aurkeztuko duten  Amaierarik ez… izenburuko hirugarren lana Muxikon estudioetan grabatu dute Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean. Mastering-a berriz, Ultramarinos Costa Brava estudioetan egin dute Victor Garcia teknikariaren laguntzaz. Diseinuaz Hodei Ensunza arduratu da. Diskoa taldeak eta Bonberenea Ekintzakek editatu dute.
Taldearen aburuz, “disko honekin, taldeak bizirik daramatzan urte hauetan zehar bizitako gorabeherak azalera atera ditugu. Azken urte eta erdian egindako biran bizitako esperientzia eta emozioetan oinarritutako lana da hau. Izenburuak dion bezala, mezu zuzen batekin, honek amaierarik ez duela eta indartsu gatozela!”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button