MUSIKA

“Artze … Joxan, Oroituz!”errezitaldi poetiko musikatua, Iruñean

Kondestable Civivoxak Artze … Joxan, Oroituz!  errezitaldi poetiko musikatua hartuko du bihar, abenduaren 13an, 19:30ean.

Iruñeko Udala eta Nafar Ateneoaren kultura ekimenean, Joxan Artzeren poesia eta kanta-hitzak ardatz hartuta, hainbat liburutako olerki aukeratuen irakurraldi musikatuaren ikuskizuna egingo da

Hala, Ortzia lorez, lurra izarrez; Oihana auhenka; Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat; Heriotzaren ataria dugu bizitza; eta Bizitzaren atea dukegu heriotza olerki liburuetatik aukeratutako poemak irakurriko ditu Andoni Salamero euskal idazle eta olerkariak, bere ondoan, Mixel Ducau eta  Caroline Phillips euskal kantagintzako artistek jarritako musikaren doinuekin lagunduta.

Ikuskizun poetiko-musikatuan, Joxanen olerkiekin gozatzea ez ezik, haren lana eta ezagutza zabaltzea da asmoa. Horretarako, natura, gizakia,euskara, gizartea edo transzendentzia bezalako gaien inguruan hausnarketa  egiteko ariketa proposatuko digu Salamerok.

Joxan Artzek (Usurbil 1939-2018)euskal kulturgintzan egin duen ekarpen izugarria deskribatzeko balio du bere olerki ezagun honek:  Iturri zaharretik edaten dut,/ ur berria edaten,/ beti berri den ura,/ betiko iturri zaharretik.

Izan ere, 60ko hamarkadan euskal kantagintza berria mugimenduaren baitan Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste. Txalaparta berreskuratzearen bultzatzaile sutsu ez ezik, askotariko kultur diziplinen arteko zubigile ere izan zen, hainbat kanten hitzak idatziz, esaterako, Laboaren kantutegiko Txoria Txori, Gure Bazterrak,  Ama hil zaigu edota Zaude lasai. Idazle ere izan zen Artze eta dozenatik gora argitalpen eta kultur ondare utzi digu: Isturitzetik Tolosan barru (1969, Egilea editore); Laino guztien azpitik, Jose Luis Zumetaren laguntzarekin (1973, Egilea editore);  Ortzia lorez, lurra izarrez (1987, Elkar); Bizitzaren atea dukegu heriotza (2013, Elkar); Heriotzaren ataria dugu bizitza (2013, Elkar) edota Oihana auhenka (2001, Jazzle,  disko liburu kolektiboa azkena, batzuk aipatzearren. Euskal kultura abangoardiarekin lotu zuen belaunaldi hartako izen nagusietariko bat izan zela esatea beraz, zuzena da, zalantzarik gabe.

Errezitaldiko argibide gehiagorako, iruñakulturada webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button