BESTELAKOAK

Bizkaiko arkitektura eta hirigintza dinamizatzeko

Erakusketak, zinema-saioak, lehiaketak, haurrentzako tailerrak eta bestelako ekimenak antolatu dira irailaren 4tik 28ra bitartean, Bizkaiko arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA Urban Regeneration Forum-aren barruan.

Arkitekturaren diziplina herritarrei hurbiltzeko asmoz, eta BIA Urban Regeneration Forum-aren haritik, Bizkaian arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformak hainbat kultur jarduera eskainiko ditu irailean. Foroak 300 arkitekto, hirigile eta ingeniari baino gehiago bilduko ditu eta Norman Foster izango du gonbidatu nagusia.

Irailaren 15etik 28ra bitartean, BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group izenaz bataiatutako esparrua, Foroko jarduera teknikoen eta jendartean arkitektura sustatzeko eratutako ekimenen topagunea izango da.

Hilaren 8tik 26ra bitartean Arkitektura-Ibilbideen ekimena gauzatuko da. Astelehenetik ostiralera, ibilbide desberdinak egingo dira eta BIAko kideek hiriak izandako bilakaera erakutsiko dute. Bisitaldiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez egingo dira, 19:00etatik 20:30etara bitartean.

BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group delakoan, Abandoko tren-geltokia Cantalojasen lurperatzeari buruzko Arkitektura Gaztearen Nazioarteko Lehiaketako proiektu finalistak jarriko dira ikusgai.
Honetaz gain, beste bi erakusketa ere antolatu dira. Hilaren 8an, Metroko geltokietan, Bizkaiko arkitekturaren zenbait obraren errepasoa eskainiko duen argazki-erakusketa izango da. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan hirugarren erakusketa gauzatuko da. Bertan, Imanol Ordorika Bengoetxea arkitekto lekeitiarraren lana errepasatuko da.

EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan ere zine-ziklo bat antolatu da Arkizine Bia titulupean. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, irailaren 9tik 21era bitartean.

Azkenik, Foroaren asteburu berean (hilak 27 eta 28), EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan, haurrentzako tailerrak antolatuko dira, txikienen artean arkitekturarekiko interesa eta jakin-mina sustatzeko asmoz. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button