MUSIKA

Pop, rock, elektronika eta new wave doinuak Bilboloop jaialdian

 

Bilboko Kafe Antzokian urtero egiten den bi eguneko Bilboloop jaialdiak pop, rock, new wave eta elektronika doinuak jorratzen dituzte bertoko eta kanpoko taldeak biltzen ditu.

Aurtengo edizioa asteburu honetan egingo da, azaroak 16 eta 17. Orotara sei talde izango dira Antzokiko agertokian. Emanaldi horien gain, bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola, argazki erakusketak eta dendetan egingo diren musika saioak.

Kontzertuei dagokionez, ostiralean, Ainara Legardon, Elephant eta Maika Makovski izango dira eszenatokian. Legardon musikari bilbotarrak 2011n argitaraturiko We once wished rock disko sendoa aurkeztuko du (Nontzeberrik bihar argitaratuko du Ainarari eginiko elkarrizketa).

Elephant, berriz, Frantziatik datorren bikotea da, eta pop eta folk doinuak jotzen dituzte. Bilboko kontzertuan txeloaren laguntza izango dute melodia ahul, bezain gozoak egiteko. Azkenik, Mallorcako Maika Makovski musikari ezagunak Thank You For The Boots lanean bilduriko kantuak aurkeztuko ditu.

Larunbateko kontzertuen harira, On D’Rocks bikote bilbotarrak loop, delay, eta bestelako bitarteko elektronikoekin josiriko jarioa zabalduko du. La Femme, aldiz, Biarritzetik datoz, egun egoitza Parisen duten arren. Surf eta new wave estiloak jorratzen dituzte, The Cramps eta B’52 taldeek 80ko hamarkadan egin zuten bezalaxe.

Azkenik, The Cast Of Cheers Irlandako laukote dantzagarria da. New wave eta electro pop estiloetan bustiriko kantu biziak jotzen dituzte, Bloc Party ezagunen antzera. Family izenburuko bigarren lana argitaratu berri dute irlandarrek.

Emanaldi horiez gainera, Bilboloopek bestelako ekitaldiak ere ondu ditu Off Bilboloop lelopean. Programa horren baitan, argazki erakusketa paratu dute Ambigu-n, eta bihar, osteguna eta larunbatean bi musika saio izango dira Zazpi Kaleetako Serie B arropa dendan, The Hustlers taldea eta saio elektronikoa Optigan1-en eskutik.

Egitarauaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, sartu bilboloop.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button