BESTELAKOAK

“Zu ikusteko bidean”

Gari Garaialde argazkilariak Zu ikusteko bidean (Edo) liburua aurkeztu zuen Donostiako Kaxilda liburudendan, joan den barikuan.

“Jendea. Espaloia. Jendea. Espaloi gehiago. Argi batzuk. Jendea. Eta jendea. Argi gehiago. Goiza. Euria. Eta jendea. Jendea oraindik. Elurra ere bai. Jendea goizean. Jendea errepidean. Jendea esna. Jendea lo. Euria. Zezen bat, bakarra, urrundik handi izan ez, eta libre ez dagoena. Itzala, edo errainua? Jendea. Jendea zain. Arin bidean. Mantso airean. Gaua. Eta nekea”.

Gari Garaialdek argazkiz osatu duen Zu ikusteko bidean lanak, astebururo kartzeletara bisitan, bidaia egiten duten senideen begiradak bildu nahi izan ditu. “Honezkero milaka diren baina beti bakarra den eta beti bakarra izan arren honezkero milaka diren bidaiak erakutsi dizkigu egileak, 40 argazkitan”.

Argazkiak zuri-beltzean dira, nola bestela? Horrela adierazkortasun berezia lortzen da ikusten denarekin. Errealitatea handikeriarik gabe kontatzeko grina du Garaialdek. Inguruan gertatzen denaren berri ematen du, dena begiratzen du, dena kontatu nahi du irudiekin.

Irudiak kameraz hartzea arrunkeria bihurtu den honetan, argazkigintzari eta norberari buruz gogoeta egiteko bidaia eta gonbita ere bada Garaialderen bilduma hau. Hainbeste jendek asteburu oroz kartzeletara joateko hainbeste errepide zergatik jan behar duen ozen galdera egiteko modu bat ere bai.

Zu ikusteko bidean, 2005. eta 2009. urteen artean Herrera de la Manchako kartzelara egindako bidaietan ateratako argazkiak dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button