MUSIKA

Abiatu da “Errekan Gora”, Eskoriatzako musika jaialdia

Abiatu da dagoeneko Eskoriatzako kale bazterrak musikaz eta dantzaz bustiko dituen Errekan Gora jaialdiaren aurtengo edizioa.

Hamabigarren honetan ere ez du hutsik egingo jaialdiak eta musikak izango du protagonismo nagusia; dantza ikuskizunik ere programatu du aurtengoan.

Hori horrela, pasa den asteko Travelling Brothers taldeak abiarazi zuen jaialdia eta uztaileko bi asteburutan eta iraileko beste asteburu batez osatuko da jaialdia. Hala, “errekan gora” sartuko da bihar Lau Eme dantza ikuskizuna Gorosarri plazara, gaueko 22:30ean. Kanpotik itxura ederra izan arren,  sakonean zapalduak eta otzanak diren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi. Haatik konpainiaren dantza ikuskizun honetan,  “familia zaindu eta euren senarrentzat apain egoteko rola hautsiz, borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsiko digu piezak, gaur egungo emakumearengana iritsi arte”.

Biharamunean, Eskean Kristo taldeak jarriko du musika eta garai bateko rockaren indarra erakustera igoko dira musikariak oholtzara. Rock&roll klasikoa oinarri hartuta, zipriztin psikodelikoak, punk pultsioa, bluesaren kadentzia edota melodia poperoak eskainiko dituzte. Gernika plazan izango da hitzordua oraingoan, gaueko 22:30etik aurrera.

Eta Petti izango da “errekan gora” sartuko den azkena, rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues, country… estiloz bustitako kantuak eskainiko dituena, irailaren 14an, Emakumeen plazan, gaueko 22:30ean.

Informazio osoa, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button