BESTELAKOAK

“Afrotopia” edo ezinbesteko Afrika

Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean, Afrikari buruzko makina bat argazki ikusgarri bildu dira Afrotopia izenburupeko erakusketan. Datorren urteko urtarrilera bitartean ikusgai izango dira irudiak. Azaroaren 3an, 19:30ean, bisita gidatu bat egingo du Hector Mediavilla erakusketaren komisarioak.

Ziudadelako Mistoen eraikinak Afrotopia erakusketa hartuko du  urtarrilaren 10era arte, Afrika Imprescindible jardunaldien barruan. Bertan ikusgai jarri diren argazkiek gogoeta egiteko bazka luzatzen digute, eta hainbat gai azaleratzen dute, hala nola, ingurumena, jasangarritasuna, globalizazioa, emakumeek gizartean duten zeregina, gazteen amets eta xedeak, tradizioa,…

Guztira 35 argazkilari afrikar gaztek hiru lantegitan egindako argazkiak biltzen ditu erakusketak. Lantegiok erakusketaren komisario Hector Mediavillak diseinatu eta eman zituen Dakarren (Senegal), Niameyn (Niger) eta Bamakon (Mali), 2017ko azaroan, Bamakoko Argazkigintza Bienalaren markoan.

Bertako komisarioa den Hector Mediavilla kontalaria, argazkilaria, errealizadorea, prestatzailea, komisarioa eta argazkigintza partizipatiboko proiektuen kudeatzailea ere bada. Zenbait komunikabidetan argitaratu ditu bere lanak, hala nola Colors, Geo, New York Times, El País, Time, Esquire, Gatopardo,… Hamaika erakusketa egin ditu, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoan, Atlantako High Museum of Art-en, Kinshasako Frantses Institutuan, eta abar.

Felwine Sarr idazle senegaldarrak zera azpimarratu zuen behin: “Afrikak utzi behar dio Mendebaldearen ispiluan begiratzeari, afrikarrok beraiek erabaki dezaten zer etorkizun mota nahi duten, beren sustraien balioei eta aberastasun soziokultural paregabeari uko egin gabe”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button