IKUS-ENTZUN

Dilema zientifiko sakonetan murgiltzeko proposamen zinematografikoa

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioa gaur, hilak 11, abiatuko da, eta Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filma ikusi ahalko da Gasteizen eta Donostian. Guztira hamar film proiektatuko dira martxora bitartean Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen. Filmez gain, hogei zientzialari inguru arituko dira publikoarekin eztabaidan emanaldietan, dilema zientifiko sakonenetan murgiltzeko proposamenarekin.

Zikloaren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea, eta zazpigarren edizio honetan zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, ez-fikziozkoa eta animaziozkoa uztartu dira.

Diogun moduan, zikloa gaur, urtarrilaren 11n, hasiko da eta Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filma emango dute Gasteizen eta Donostian. Pelikula horrek bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, bai eta aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Filma Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du Tabakaleran (urtarrilak 11), Bilbon (urtarrilak 13) eta Iruñean (urtarrilak 16). Ekitaldi berezi hau ospatzeko, Etxenike irakasleak hitzaldi bat eskainiko du proiekzioen aurretik (18:00etan), proiekzioak 19:00etan izango dira eta.

Horren ostean etorriko diren filmak honako hauek dituzue: Semmelweis (André de Toth, 1940) filma, Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen duena; Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) filma, gizartea zahartzearen auzia jorratzen duena; Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) filma; Memorias de África (Sydney Pollack, 1985), basa bizitzaren handitasuna erakusten duena; Baby hezten (Howard Hawks, 1938); Tiempo de silencio (Vicente Aranda, 1986); Ekaitz perfektua (Wolfgang Peters, 2000) aukera aproposa izango da meteorologiaz hitz egiteko; Mars Express (Jérémie Périn, 2023) animaziozko filma; eta Theater of Thought (Werner Herzog, 2022).

Azkenik, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saiootan, Mars Express (Jérémie Périn, 2023) proiektatuko da euskarazko azpitituluekin.

Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button