
Gertatu ez diren errealitate posibleei buruzko hitzaldia izango da gaur, otsailak 8, 19:00etan, Bilboko Bira Kulturgunean.
Eta hamar urtez konfinatuta egon izan bagina, nola aldatuko ziren gure hiriak? Eta gure bizimodua? Galdera horiei erantzuna ematen ahaleginduko dira Ula Iuretagoiena EHUko Arkitektura Eskolako ikerlaria eta irakaslea eta Beñat Saratxaga arkitektoa eta Bilboko Behark arkitektura estudioaren sortzailea gaurko saioan. Amaia Garate eszenografo eta arkitektoarena izango da solasaldia gidatzeko ardura.
“Maiatzean Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi nagusietara helduko den Asfaltoaren azpian, euria kale ikuskizuna sortzeko Piszifaktoria Ideien Laborategia egiten ari den ikerketa prozesu komunitarioaren parte da solasaldi hau. Gure hiriek gure bizimodua nola baldintzatzen duten aztertzea dauka helburu ikerketak, fikzioan oinarrituta.
Bilbon ekin dio Piszifaktoriak artea eta zientzia uztartzen dituen ikerketa prozesu honi, hiriko hainbat bizilagunekin, eta ondoren Gasteiz, Hendaia edo Antsoainera ere joango dira Piszifaktoriako kideak.”