Elkar argitaletxeak lan berri bi plazaratu ditu azken egunotan: Uda batez Kurdistanen, Zekine Türkerirena, eta Zu entzuteko gaude, Xabier Mendigurenena.
Uda batez Kurdistanen liburuaren sinopsia honakoa duzue: 2014ako uda da. Irakeko Kurdistanera bidaia egin du egileak, kazetari gisa, Saddam Hussein kanporatu ostean lurralde horrek autonomia zabal bat bereganatua duenean, kurduak beren buruaren jabe nola moldatzen diren ikusteko eta munduari kontatzeko pasatako oinazeak eta momentuan bizi dituzten itxaropen eta zailtasunak: errefuxiatu- eremuetako istorioak, emakume arkeologo baten ametsak, zahar eta gazteen abenturak, gizon nahiz emazteen pozak eta nekeak berdez pintaturiko basamortuan… Alabaina, bera han dela gertatu da Estatu Islamiarraren ofentsiba, eta hasierako asmoak aldatuta gerrako erreportaje-sorta bat egin behar du orduan kazetariak, frontetik oso hurbil baina borroka horren nondik norakoak ikusi gabe.
Elkar argitaletxearen arabera, “munduko minoria nazional handienaren bizi-nahi eta bizi ezinaren kronika fresko eta indartsua, gertakarien lekuko zuzen batek kontatua. Gerardo Markuleta eta Eneko Gartzia izan dira itzultzaileak.
Xabier Mendigurenek triptiko bat ekarri du oraingoan. Hiru ipuin eta hiruretan emakumeak protagonista, eta horien bidez, bakardadeaz, menpekotasunak dituztenen zaintzaz eta horrek ekar dezakeen sakrifizioaz, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukeraz hitz egiteko beta hartuko du idazleak.
“Bere seme elbarria hartuta, garai batean bertan behera utzi zuen Jean-Marcengana joango da Irati, barruko harra isildu nahian. Edurnek bikotea eta lana galdu ditu, eta mareak hondartzan utzitako enborrak erreskatatzen ditu eskultura bihurtzeko, kaosa ordenatzeak bere bizitzari zentzua emango diolakoan. Bertak desesperatutako jendearen telefono deiak aditzen egiten du lan, baina nori kontatuko dizkio berak bere minak?”