MUSIKA

Belakok udaberrian kaleratuko du estreinako diskoa

Mungiako Belako banda gazteak Eurie izenburuko lehendabiziko lana argitaratuko du udaberrian. Aurretik Inuit. Block + Winter zazpi kantuko CD autoekoitzia plazaratu zuten, bai eta Gaztea maketa lehiaketa irabazi ere.

Taldearen musikak Ingalaterran 80ko hamarkadaren hasieran sortu ziren post-punk talde dantzagarrietatik edaten du, esaterako, New Order, bai eta egungo pop-rock independenteko ordezkarietatik ere. “Joy Division, Sonic Youth, Radiohead, Cristal Castles… bezalako musika taldeak gustukoak ditugu; hala ere, entzun, beste asko eta asko, folk-etik minimalera, musika zaletuak garen heinean, denetik irensten dugu. Musika elektronikoan ematen diren pausu eta nobedadeak ere jarraitzen ditugu. Tokatzen zaiguna dela uste dugu”, esan ziguten iaz nontzeberrin egin genien elkarrizketan.

Dena dela, Eurie lan berriko Haunted House kantu entzuteko parada izan dugu, dagoeneko sarean jarri baitute, eta punk kutsu nabarmena antzeman diogu. Teklatuek bultzatuta, eta baxu kolpe sendoen eta gitarra distortsionatuen gainean eraikia, punk doinu dantzagarria da, emakumezko abeslariaren ahots urratuekin josia. Dantzalekuak eta klubak hankaz gora jartzeko modukoa. Kantu horri erreparatuta, itxura ona hartzen diogu udaberrian etorriko den lan berriari.

Diskoa iragan abuztua eta aurtengo urtarrila bitartean grabatu dute Gaua estudioetan. Aitor Abio teknikariak grabatu eta ekoiztu du eta J. Asier Zubelzuk masterizatu. “Oraindik nahiko gazteak gara, eta ikasten hari garenez, astiro joateko ustea dugu, egia esan ez dugu gehiegi pentsatu nahi horretan. Gure hurrengo urratsa diskoa grabatzea dela badakigu eta aritu gara bai horretan, Gaua estudioetan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button