LITERATURA

Xabier Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat eginez, “Hitzen Lihoa” Oiartzunen

Hainbat hitzordu interesgarri programatu dituzte datozen egunotarako Oiartzunen, Xabier Lete figuraren inguruan. Hitzen Lihoa titulupean, hitzaren, bertsoaren eta musikaren uztardura egingo dute.

Talde antolatzaileak honelako ildoetatik tiraka hasi zen: “iraganean izandakoak gogora ekartzeko beharraz pentsatu genuen, gaur egun ditugunez baliatuta, etorkizunean berriak sortzeko. Memoria berreskuratzeko edo osatzeko ahalegin bat izan liteke, transmisiorako bide bat eta, ahal izanez gero, sortzaile berriak sortzekoa. Izandakoei aitortza egiteko modu bat ere izan daitekeela pentsatu dugu.  Eta horretan ari ginela, Xabier Lete etorri zitzaigun gogora. Hitza, bertsoa eta musika uztartu zituen sortzailea; abiapuntu ederra gure asmo horri forma ematen hasteko. Ekimenaren izena bera ere hitza-bertsoa-musika uztarketa horren adierazgarri izango zena bilatu dugu: Hitzen lihoa; bertsolari baten omenezko kantu bateko hitzak”.

Hortaz, abenduaren 4aren inguruko asteburua aukeratu dute, Xabier Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat eginez, aurtengo egitaraua osatzeko.
Bihar, azaroaren 30ean, lehen ekitaldia izango da:  Xabier Lete: idazlea eta kantaria mahai-ingurua, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Partaideak: Alex Gurrutxaga, Joxe Angel Irigarai, Jon Martin eta Antton Valverde. Xabier Letek poesian, Ez Dok Amairu mugimenduan, bertsogintzan eta kantagintzan egindako ekarpena izango dute hizpide. Geroago, 22:30ean, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da udaletxeko areto nagusian.

Abenduaren 1ean, Xabier Leterenak Xabier Leteri jarriak emanaldia egingo da, 19:00etan, San Esteban Elizan.  Oier Guillanek aurkeztuta, herriko abeslari eta musikariek Xabier Leteren abestiak joko dituzte, tartean, Beira, Jon Bergaretxe, Begoña Bergaretxe, Joxeleon Kazabon, Oihana Lekuona, Irati Odriozola, Mirari Perez Gaztelu, Alaitz Telletxea, eta Maider Zabalegi.
Beste aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete Poesia Sariko irabazleek euren eta Leteren poesia bana errezitatuko dute: Luis Garde, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre, eta Asier Serrano.

Abenduaren 2an, Hitzen ahairea ikastaroari bukaera emango diote. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? ikastaroaren azken saioa egingo dute, Rafa Ruedaren eta Gotzon Barandiaranen eskutik.

Azkenik, abenduaren 4an, Leteren heriotzaren urteurrenean, Oiartzungo Udalak antolatzen duen prosa eta poesia lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izango da.
Ildo beretik, transmisioa sendotzeko, Ludoteka eta Kuadrillategirekin elkarlanean honako ekimenak antolatu dituzte: Kuadrillategin, azaroaren 30ean, Xabier Lete ezagutzeko jolasa egingo dute eta bukatzeko Malen eta Ekain Elizasuren emanaldia izango da. Ludotekan, abenduaren 4an, Joxe Leon eta Antton Kazabonek kantu eta poesia emanaldia eskainiko diete LHko ikasleei. 17:00etan hasita ordubeteko saioa izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button