IKUS-ENTZUN

Elbira Zipitriari buruzko dokumental berria

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako Elbira Zipitriari buruzko Elbira dokumentala, gaur ikusi ahalko da Donostiako Kursaal jauregian, haren heriotzaren 40. urteurrenean.

Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, “haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatuko dute”, eta haren ibilbidean jasotako argazkiak eta dokumentuak agertuko dira: Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua.
Teresa Lopez de Munainek emango dio bizia andereñoari, eta horrez gain, Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertuko dira.

Lanaren zuzendari Iban Gonzalezek nabarmendu duenez, “…gutxi kontatu dugu emakume asko eta askok gerraren aurretik eta ondoren egin zuten lana. Bestetik, Zipitriaren berdinzaletasuna oso agerikoa da bere jardunean. Horretan ere aitzindaria izan zen eta dokumentalak aitzindaritza horri ere erreparatzen dio” (…) “Askotan, memoria historikoari lotuta, epikaren balioak jorratzen ditugu, baina normalean balio maskulinoei lotuta. Elbira Zipitriaren bizitza oso epikoa iruditzen zait. Itxuraz oso xumeak diren istorioak dira, oso modu isilekoan egindako gauzak, baina oso epikoak”.

Figura horren datuak hemen dituzue: Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta gero, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapean egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien. Maistra berriak trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen 1968an. Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button