LITERATURA

Literaturiaren III. edizioa prest

Hirugarren edizioa beteko du aurten Larrabetzuko herrigintzak eta kulturgintzak sorturiko euskal literaturaren inguruko Literaturia ekimenak. Literaturia, euskarazko literaturaren plaza izenburupean Literatura Eskola eta Larrabetzuko herriaren ekimenez sortu zen 2009an, Euskal Herri osoko idazle, argitaletxe eta irakurleekin elkarlanean, euskal literatura, idazleak eta irakurleak txirikordatzeko xedearekin.

Gaur goizean, Bilboko Kafe Antzokian, Patxi Gaztelumendi eta Oier Gillan kudeatzaileek, 111 Akademiako Amaia Goikoetxeak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Idoia eta Pablo ordezkariek egin dute hitzordu literarioaren egitarauren aurkezpen zehatza.
2000 eta 11 gehiago izango da lema, Larrabetzuk ia 2000 biztanle dituelako eta beste hamaika lagun gehiago gonbidatuko dira aurtengo ekimen honetara, izan ere, kultur giro itzela izaten baita. Larrabetzuk literaturaren metafora ederra izan daitekeela aipatu du Gaztelumendik, “biak txikiak dira, biziak, baina zabaltzeko eta hedatzeko gogoz daude”.

Betiko legez, auzolan gogotsutik sorturiko hirugarren edizio honetan era anitzeko ekitaldiak topatuko ditu literaturzaleak: liburu azoka, liburu aurkezpenak (zazpi euskal argitaletxek liburu berriak aurkeztuko dituzte propio hemen), errezitaldiak, antzezlanak, mahai-inguruak, kontzertuak, bertso saioak, haurrentzako ekitaldiak…
Nabarmentzekoa da jada plazaratuak dauden udaberriko nobedadeekin batera, sei argitaletxek liburu bana aurkeztuko dutela estreinako aldiz Literaturiaren barruan, ekainaren 4an eta 5ean. Eta horretaz gain, udaberrian publikaturikoen gaineko solasaldiak ere prestatu dituzte irakurleari idazleen lanak hurbilarazteko.

Idazleen presentzia nabarmenarekin batera, literaturan sakontzeko hitzordu ugariak egongo dira, tarteko, literatura eta hitzaren plazeraz gozatzeko une bereziak, poema irakurketekin eta hitza oinarri duten antzerki emanaldiekin. Antzerki emanaldiez gain, arte diziplina hau ere presente egongo da egingo diren mahai-inguruetan.  Batek, irakurzaletasunaren transmisioa gaia hartuko du eta besteak, hain zuzen ere, antzerkiaren egoera jorratuko du. 

Kontzertuak ere ez dira faltako. Ruper Ordorika ostiralean izango da, eta Anari, Mursego eta Napoka Iria taldeak larunbatean.

Hitzordu guztiak modu zehatzean jakiteko Literaturiaren webgunean begiratu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button